Euskal Herriaren nazio eta gizarte eraikuntza bultzatzea xede izanik, Udalbiltzak Zuberoaren garapena bultzatzeko konpromisoa iragarri zuen 2001eko Aberri Egunean, Zuberoako Herri Elkargoak abian jarritako Xiberoa 2010 garapen egitasmoaren ildoan.
Ontzat jo zuen aipatu garapen egitasmoa eta zuberotar eragileek herrialdearen etorkizuna euren gain hartzeko konpromisoa hartu izana. Izan ere, zuberotarrek euren geroa euren gain hartzeko dinamikaren baitan zegoen Xiberoa 2010 egitasmoa.
Era berean, Udalbiltzak beharrezkotzat jo zituen euskaldun guztion elkarlana eta elkartasuna Euskal Herria osatzen duten herrialde eta eskualde guztien garapen orekatua lortzeko eta, ildo horretan, Euskal Herrian antzinatik sustraituta dagoen auzolana (bizilagunen arteko elkarlana, herriaren onerako helburuak lortzeko) nazio mailan aplikatzea proposatu zuen.
Tamainako erronka ikusirik, aktuazio denboran egonkorra eta berau bideratzeko antolakuntza lanabesen ezinbestekoa argi geratu zen lehen unetik. Bestalde, Zuberoak pairatzen duen egoera, Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan ere gertatzen ari da.
Horren ondorioz, Zuberoaren kasua gaindituko lukeen eta Euskal Herri osoa kontutan hartuko lukeen interbentzio ildo bati ekiteko bideak zabaltzen saiatzeari ekin zitzaion. Espazio ezberdinen arteko desbertebrazio eta desoreka errealitatearen aurrean, ekonomiaren desegituraketa eta konzentrazio espazialerako tendentziei, zein Euskal Herriaren zatiketa instituzionalak eragin duen harreman komertzial, ekonomiko, kultural eta sozialen ahultzeari aurre egiten saiatuko den estrategia gorpuzteko premia agerian geratu zen.
Horiek hala, konpromisoa praktikan gauzatzeko bitartekoak onartu ziren abenduaren 15ean Miarritzen egin zen Batzar Nagusian: batetik, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa sortzea eta, bestetik, dirua biltzeko kanpaina egitea herritarren artean.
2002. urtean zehar sortu zuen Udalbiltzak Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa, eta 400.000 euroko oinarrizko kapitala osatu zuen horretarako, herritarren artean bildutako diruari esker. Fondoaren lehentasuna Zuberoaren garapen plangintzan parte hartzea izan zen. Helburu hori aurrera ateratzeko Zuberoako hainbat eragileekin elkarlanean mota ezberdineko laguntzak jasoko zituzten aktuazio ildoak eta programak zehaztu ziren. Zoritxarrez Espainiako Auzitegi Nazionalak, Garzon epailearen eskutik, egitasmo hau zapuztu egin zuen 2003ko udaran Euskal garapen eta Kohesio Fondoaren suspentsioa erabaki zuenean eta bildutako dirua bidegabeki eskuratu zuenean.
Euskal Herriko Naziotasun Aitormena
Euskal Herria Demokraziaranzko eta Bakeranzko Bidean