banner

UDALBILTZAREN ABERRI EGUNAKO EBAZPEN INSTITUZIONALA, EUSKAL HERRIKO JENDARTEARI

[ alorrak: Aberri eguna ]

Aldaketa politikoaren garaian dago Euskal Herria. Azken urteotako ibilbideak nabarmen erakusten du herri honetan izandako bilakaera politikoa. Izan ere, urte gorabeheratsu eta nahasiak izan badira ere badago guzti horren gainetik azaleratzen den errealitatea. Errealitate horren barruan bi gako nagusi ageri zaizkigu. Alde batetik, Euskal Herrian, antolaketa politiko berri baten premia gatazkaren konponbidearen oinarria dela barneratu da eta bestetik, antolaketa politiko berri horrek Euskal Herritarren borondatean oinarritu behar duela.

Aurtengo aberri eguna testuinguru horretan kokatu behar da. Horregatik, aldaketa politiko horren norabidean lan asko dago egiteko. Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeko eguna da aberri eguna. Euskal Herrian sinisten dugunok, herri bezala bat eginik agertzeko eguna. Bide horretan, poztekoa da Nazio Eztabaida Gunetik landutako deialdia. Alderdikeriak alde batera utzita, gure herriaren izatea aldarrikatzeko deialdi zabala burutu baitute. Bat egiten gaituzten elementuak kontutan hartuta, herri bezala ager gaitezkeela erakutsi dute. Eta hori ezinbestekoa da askatasuna lortu nahi duen herri batentzat.

Testuinguru horretan, bizi dugun egoera zaila ere aipatu behar da. Gatazkaren konponbide demokratikoa bilatzen duen prozesuak ez du aurrera egin eta ondorioz, herri honi egiten ari zaion erasoa bortitza izaten ari da. Azken hilabeteotan etengabekoa izaten ari da Euskal Herriaren aurka burutzen ari den uholde errepresiboa. Izan ere, Euskal Herria herri ukatua da, zapaldua. Ez zaigu uzten gure bide propioa egiten. Horregatik, aldaketa politikoaren garaian gaudela jakinean izanik, Frantziako eta Espainiako estatuek aldaketa hau baldintzatzeko ahal dituzten neurri guztiak martxan jarri dituzte. Helburua jakinekoa da, Euskal Herriaren burujabetza prozesua geldiaraztea.

Asko da aurreratutakoa ordea urte guzti hauetan. Herri honen zatiketa eta ukazioa gainditzeko ekimenak ugariak izan dira. Gainera nazioartean ematen ari diren aldaketak ere kontutan hartu behar ditugu. Europan bertan ematen ari dira aldaketa hauek. Kosovoren independentzia aldarrikapenak hautsak harrotu ditu egunotan. Europaren bihotzean emandako aldaketa honek argi erakusten digu estatuen mugak ez direla behin betikoak, mugiezinak, behin eta berriro Euskal Herritarroi ala esaten bazaigu ere. Kosovorekin batera, Eskozia, Irlanda, Montenegro, Txekia, Eslovakia, eta beste hainbat aurki ditzakegu. Euskal Herriak ere bere tokia izan behar du munduan, Europan, gainontzeko herriekin batera.

Helburu horren baitan Udalbiltzak bere ekarpena egin nahi dio gure herriari. Euskal Herriko osoko nazio instituzio bakarra garen heinean beharrezkoa ikusten dugu gauzapen honetan hautetsiok bildu eta nazio eraikuntzaren instituzio lana jorratzea eta jarraitzea. Duela ia hamar urte euskalduna jauregian onartutako bost printzipioek inoiz baino garrantzi gehiago hartzen dute gaur egunean. Printzipio horiek jarraituz hainbat ekimen oso aberasgarriak izaten ari dira. Euskal Herriko nazio aitorpena, 53 mila lagunek bideratu dutelarik. Euskal Curriculumaren inguruan egiten ari den lana. Nazioartean buruturiko harremanak eta beste hainbat eta hainbat lan instituzional. Guzti hauek beharrezkoak dira gure herriaren eraikuntza eta kohesioan.

Badakigu jakin lan hau oztopatzeko mila saiakera egin dituztela. Udalbiltza beraren aurkako erasoa dugu adibide garbi bat. Eta gaur egun ere Udalbiltzaren aurka martxan jarriko den epaiketarekin bide honetan sakondu nahi dute.Horregatik, gaurkoan, dei berezi bat egin nahi diegu Euskal Herriko hautetsi guztiei aberri egun honetan parte hartzeaz gain, nazio eraikuntzaren bidean konpromisoak hartzera. Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuan herriko etxeetako hautetsi berriak aukeratzean ziklo berri bati hasera eman zaio. Emaitza pozgarriekin gainera. Euskal Herria eraiki nahi dutenen boz kopuruak nabarmen igo baitira. Hego Euskal Herrian ere, erasoak eraso, aldaketa politikorako gizarte oinarriak tinko eusten dio. Beraz, datozen urteetarako nazio instituzioaren lanaren oinarri berriak finkatzeko momentua da. Euskal Herrian sinisten dugunok elkartu eta lan egiteko momentua da. Euskal Herriak nazio instituzio propioa beharrezkoa du.

Hori da aberri egun honetarako Udalbiltzaren konpromisoa. Gure herriaren alde lanean aritzea delitu bilakatu badute ere, lan horretan jarraitzeko borondate irmoa azaldu nahi dugu. Guzti hau egiteko Udalbiltzak bere burua egokitu eta berrantolatu behar du. Hautetsi berrien indar guztiarekin aro berri bati hasera emango diogu. Aldaketa politikoaren garaian Euskal Herriak behar dituen tresnak eskura jarriko ditugu. Araba, Baxenafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Xiberuako herritarrok beharrezkoak ditugun tresnak. Bat egiten gaituzten tresnak, zazpiak bat garelako, nazio bat garelako.