Eztabaida bultzatzea xede duen nazio bilgune bat sortzeko proposamena

Euskal Herriak bizi duen egoera konpontzeko bidean aurrerako pausoa eman nahian, Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak bilgune bat sortzeko proposamena aurkeztu zuen Tolosan 2002ko azaroaren 23an egin zen IV. Batzar Nagusian. «Euskaldun guztiok prozesu ireki eta demokratikoa abiatu behar dugu. Euskaldun guztiok lekua eta hitza izango dugun bilgunea sortu behar dugu, eskubideen bermean oinarritutako prozesua zirriborratu ahal izateko», adierazi zuen Loren Arkotxak amaierako ekitaldian.

Loren Arkotxaren hitzetan, «Euskal Herriko lurralde guztietako euskaldunei irekita» egotea helburu zuen eztabaidagune horrek «euskal prozesu demokratikoa abiatzeko asmoa» zuen, «euskal hitza osatu eta adierazteaz gain, herri honek Europan behar duen aitortza eta lekua eskuratzeko». Udalbiltzak adierazi zuen tresna nagusi bat eramango zuela eztabaidagune horretara, hain zuzen ere, Batzar Nagusiak onetsitako Euskal Herriaren Eskubideen Agiria.

Udalbiltzako lehendakaria egoera politikoa kontuan hartuz mintzatu zen etorkizuneko erronkez. «Eremu demokratikoa» eraikitzeaz gain Euskal Herriarentzat, «bakea bideratzeko oinarri sendoak» finkatzeko helburua nabarmendu zuen Loren Arkotxak. Alde horretatik, bakeranzko bidea urratzeko norabidea finkatu zuen Udalbiltzak: Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzea, defendatzea eta bermatzea. Norabide horretako lehen urratsa 2002ko urriaren 12an Iruñean aurkezturiko "Euskal Herria Demokrazia eta Bakeranzko Bidean" izenburuko agiria izan zen, eta hurrengoa, berriz, Euskal Herriaren Eskubideen Karta onartzea. Euskal Herrian "eztabaida eta mugimendu biziak" zeudela nabarmendu zuen Udalbiltzako lehendakariak eta, besteak beste, gogora ekarri zituen Frantziak hasitako deszentralizazio prozesua, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Biltzarrak eskatutako Konstituzioaren aldaketa, Juan José Ibarretxe Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak EAEko Legebiltzarrean aurkezturiko proposamena eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren mugei buruzko eztabaida. Horiez gain, Europako Batasuneko Konstituzio itunari buruzko eztabaida ere aipatu zuen Loren Arkotxak eta, prozesu horren ondorioz, "aurrera jotzeko bideak zehaztea" beharrezkoa zela nabarmendu.

Halaber, erronka horiek kontuan hartuta, "elkarlanaren eta adostasunaren bidea" urratzeko deia egin zuen Udalbiltzako lehendakariak. "Euskal Herrian egoera demokratikoa eraiki nahi duten guztiekin ados jartzen saia gaitezke, eta Udalbiltzak bide hori urratuko du 2003an", adierazi zuen.