2003ko Aberri Eguna. Amaiur

2003ko Aberri Eguna. Amaiur
Aberri Eguna ospatzearren, apirilaren 20an Amaiurren izateko deia egin zien Udalbiltzak udal eta herritar guztiei, herrietan egitekoak ziren ekitaldiak ahaztu gabe.

Ingurumaria berezian kokatu zuen Udalbiltzak 2003ko Aberri Eguna. Euskal Herrian euskal herritarroi herri eta pertsona garen aldetik dagozkigun eskubideak urratzen direla salatu zuen: euskaraz bizitzeko oztopoak eta ukazioak, atxiloketak, giza eskubideen kontrako erasoak, alderdi politikoak legez kanpo uztea, euskara hutsez plazaratzen zen egunkari bakarra ixtea... Horrenbestez, Euskal Herriaren eskubideen aldeko eguna legez irudikatu eta alderdikeriarik zein bazterketarik gabeko Aberri Eguna, hots, Aberri Egun bateratzailea ospatzeko deia egin zuen.