Ez ohiko Batzar Nagusia. Tolosa

Ez ohiko Batzar Nagusia. Tolosa
2002ko azaroaren 23an Tolosan egindako IV. Batzar Nagusian, Udalbiltzak 2003ko udaberrian Ez ohiko Batzar Nagusia egingo zuela iragarri zuen.

Aipatu batzarra 2003ko apirilaren 26an egin zen Tolosan. Batasuna legez kanpo uzteko prozesua eta horrek udal hautetsiengan eta Udalbiltzan izango zuen eragina aztertu zen bertan.

Udalbiltzaren aburuz, ilegalizazioa ez zen alderdi baten kontrako neurria edo hautu politiko baten aurkako saioa; aitzitik, hori guztia baino gehiago zen, hain zuzen ere, «herri honen ordezkaritza demokratikoa» deuseztatzeko neurria.

Euskalduna Jauregia «zigortu eta espetxeratu nahi» dutela salatu zuen Udalbiltzak. Izan ere, benetako demokrazia eraikitzeko funtsezko urratsa egin zen bertan, eta horixe oztopatu nahi zutela esan zuen. Nabarmendu zuenez, espainiar Estatuak salbuespen egoera inposatu nahi du Euskal Herrian ukazioaren eta errepresioaren bidez, euskal herritarren oinarrizko eskubideen aurkako jarrera oldarkorrak elikatuz ilegalizarioaren arrimuan.

Egoerari aurre egin ahal izateko, Udalbiltzak erakunde guztiei dei egin zien eskura zituzten bitarteko guztiak erabil zitzaten, bide berria jorratu ahal izateko espainiar Estatuak ezarri nahi zuen bidetik kanpo. Ildo horretan, indarrak prozesu demokratiko sakon baten eta eskubide guztien alde metatzeko beharra berretsi zuen. Erabateko eraso horri erantzuteko premia azaldu zuen: «Eskubideak erabat urratuz, estatuak Euskal Herria erailtzen ari dira de facto, eta bakean bizitzeko duen eskubidea zanpatzen eta amaigabeko gatazkara kondenatzen», jakinarazi zuen.

Beraz, Udalbiltzak ezinbestekotzat jo zuen egitura demokratiko berria; izan ere, bere ustez, «horrela soilik bermatuko dira herritar guztien eskubideak». Era berean, kritika zorrotza egin zion frantziar Estatuari: departamenduaren auzia, euskara baztertzea, lurralde antolaketaren inguruko ikusmolde zentralista, estaturik gabeko nazioekiko jokamoldea... Gure herriari eskaini nahi dionaren adibideak direla adierazi zuen.

Azkenik, Udalbiltzak adierazi zuen Euskal Herriaren ordezkaritza demokratikoaren defentsa zehatz-mehatz eratu beharko duela, eta indar politiko bat legez kanpo uzteko urratsei aurre egiteko lan egin beharko duela; lan hori, ordea, ez du erantzunaren ikuspegitik egin behar, baizik eta sortzearen eta eraikitzearen ikuspegitik.