Sufragio unibertsalik gabeko hauteskundeak hegoaldeko lau herrialdetan

Sufragio unibertsalik gabeko udal hauteskundeak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian
2003ko maiatzaren 25ean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian egindako udal eta foru hauteskundeek aipamen berezia merezi dute, sufragio unibertsalaren printzipioa urratu baitzen. 2002. urtean emandako 6/2002 Alderdien Legeak aldez aurreko zentsura sistema ezarri zuen, eta 1978. urtetik aurrera hauteskundeetarako ezarritako sistema aldatu. Lege horren ondorioz, aurkeztutako 249 hautagai zerrenda eta milaka hautagai hauteskundeetatik kanpo utzi zituen Espainiako Epaitegi Gorenak. Hala ere, legez kanpo utzi zituzten hautagai zerrenda gehienek euren boto txartelak banatu zituzten, eta horiekin bozkatzeko deia egin zuten.

2003ko apirilaren 26an Tolosan eginiko Ez ohiko Batzar Nagusian, Udalbiltzak Espainiako Epaitegi Gorenak ezarritako zentsura aintzat ez hartzea erabaki zuen, eta herritarrek emaniko botoen araberako emaitzak onartzea. Datuen objektibotasuna bermatzeko, Mauro Bulgarelli Italiako diputatua buru zuen Nazioarteko Berme Batzordea sortu zen, eta 3.500 ikuskatzaile egon ziren herriz herri prestatutako hauteskunde geletan.

Maiatzaren 25ean, herritarrek hauteskunde ontzietan utzitako 161.593 boto txartel baliogabetu ziren. Ukaezina da euskal herritarrak baldintza ezberdinetan aritu zirela hautagaiak aukeratzeko unean, eta horrek ondorioak izan zituen emaitzetan. Egoera antidemokratiko horren ondorioz, oso egoera ezberdinak jazo ziren udaletan, eta horren adierazgarri ugari dugu. Adibidez, hainbat herritan ez zen inor aurkeztu hauteskundeetara eta, beraz, foru aldundiek kudeaketa batzordeak antolatu behar izan zituzten. Beste herri batzuetan, aldiz, auzitegien epaiek legez kanpo utzi zituzten aurkeztu ziren hautagai zerrenda bakarrak, eta udal hauteskundeak berriz egin behar izan zituzten. Herri bakanen batean, ofizialki izendatu zituzten arren, hautatuak izateko boto nahikorik lortu ez zutenek ez zuten kargua hartu nahi izan. Herri askotan, ordea, boz gehien jaso zituen hautagai zerrendak ezin izan zuen bere ardura ofizialki gauzatu.