Euskal Herriko Udal Hautetsien Biltzarraren Batzar Nagusia. Tolosa

Euskal Herriko Udal Hautetsien Biltzarraren Batzar Nagusia. Tolosa
2003ko ekainaren 14an, udalak osatu ziren ofizialki. Askok euren tokia bete bazuten ere, ehunka hautetsik ezin izan zuten zegokien tokia eskuratu, Espainiako Epaitegi Gorenak ezarritako zentsuraren ondorioz. Izan ere, 161.593 boto txartel baliogabetu ziren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko udal hauteskundeetan.

Herritarrek emaniko botoekin bat, Udalbiltzak udalak zentsurarik gabe osatzeko konpromisoa bete zuen ekainaren 21ean Tolosako Leidor Antzokian egindako Batzar Nagusian. Nazioarteko Berme Batzordeak plazaraturiko datuez baliaturik, Udalbiltzak udal hauteskundeetako emaitzak iragarri zituen herrialdez herrialde. Horretarako, Nazioarteko Berme Batzordeko behatzaileek emaniko boto guztiak aztertu zituzten, eta Epaitegi Gorenak legez kanpo utzitako botoak ere hartu zituzten aintzat aulkiak banatzeko; alde horretatik, erroldaren gutxieneko %5 eta D´Hont legearen irizpideak aplikatu zituzten.

"Normalizazio demokratikorik gabeko hauteskundeak" izan zirela nabarmentzeaz gain, Tolosan bildu ziren 500 hautetsiek etorkizunerako urratsa eman zuten: udal hautetsiek nazio eraikuntzan aurrera begira dituzten erronkak definitu eta horiei erantzuteko Koordinazio Taldea izendatu zuten.

Honako lan ildo hauek finkatu zituzten: udal hautetsiek nazio erakundea osa zezaten bultzatzea, euskal herritarron arteko eztabaida demokratikoa ahalbidetuko zuen foro nazionala eratzea, euskal herritarron oinarrizko eskubideak aldarrikatu eta defendatzea, naziotasun eskubidea gauza zedin suspertzea eta, azkenik, euskal herrialdeen arteko harremanak eta kohesioa sustatzea.

Antton Izagirre Tolosako hautetsia arduratu zen batzarra aurkeztu eta koordinatzeaz. Mahaian, haren alboan zeuden Xabier Iragorri Oiartzungo hautetsia, Eli Laburu Astigarragako hautetsia eta Lutxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsia.