Nazio Eztabaidagunearen aurkezpena

Nazio Eztabaidagunearen aurkezpena
Euskal Herriko Udal Hautetsien Biltzarrak 2003ko uztailaren 4an aurkeztu zuen Nazio Eztabaidagunea ekimena jendaurrean, hain zuzen ere, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoko Auditorioan egindako ekitaldian.

Egitasmo horren iturburua 2003ko apirilaren 26an, hau da, Estatu espainiarrak Udalbiltzaren aurkako erasoa gauzatu baino hiru egun lehenago egindako Batzar Berezia izan zen. Batzar horretan, Nazio Eztabaidagunea izendatu zen ekimena. Euskal Herrian aro berria abiatzeko deia plazaratu zuen Udalbiltzak, eta eztabaida horren ezaugarriak zehaztu zituen: demokratikoa, askotarikoa, partaidetza pertsonalean oinarritua, konpromiso maila ezberdinak uztartzen zituena eta erakunde horretatik autonomoa.

Nazio Eztabaidagunearen aurkezpena
Ekimen hori ez zen bat-batekoa izan; aitzitik, aurrekariak aspaldikoak ziren. 2002ko azaroan egindako IV. Batzar Nagusian, Euskal Herria Demokraziaranzko eta Bakeranzko bidean izeneko sintesi agiria eman eta Euskal Herriaren Eskubideen Karta behin betiko onartu zenean, "Euskal Herriaren premiei buruz herri gisa eztabaidatu eta erabakiak hitzartzeko foroa edo ekimena abiatzea" proposatu zen, bi ekimen horiek gizarteratzearren.

Euskal Herria Demokraziaranzko eta Bakeranzko Bidean izeneko sintesi agiriak eta Euskal Herriaren Eskubideen Kartak ere oso urrun dute sorburua. Euskalduna Jauregian onarturiko bost helburu nagusiak garatuz, Euskal Herriaren arloz arloko diagnostiko orokorra egin zutenek, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren funtsa eskubideen zanpaketan dagoela ondorioztatu zuten , eta bake egoera berria eskubide ororen aintzatespenean eta errespetuan oinarrituta eraiki daitekeela .

Horixe izan zen Euskal Herriaren eta euskal herritarron eskubideen esparrua Nazioarteko Zuzenbidean oinarritzeko ideiaren eta eragileekin elkarrizketa prozesua abiatzeko asmoaren jatorria. Izan ere, Euskal Herria Demokraziaranzko eta Bakeranzko Bidean agiriak dio herritarrek eta erakunde politikoek, kultur elkarteek, sindikatuek eta gizarte zein erlijio arloetako eragileek parte hartzea ezinbestekoa dela gatazka konpontzeko.

Bi ondorio horietan oinarrituz, Udalbiltzak Euskal Herriaren eskubideen aldeko apustu sendoa egin zuen Euskal Herrian bakea eraikitzeko eta, sintesiaren gauzatze praktikotzat, Euskal Herriaren Eskubideen Karta egiteko herri prozesua abiatu zuen. Xede nagusiak nazioarte osoan aintzatesten diren eskubide guztiak euskal herritar ororen errealitateari atxikitzea eta Euskal Herriaren eta bertoko herritarren eskubideen ukazioa gizarteratzea izan ziren. Karta egiteko prozesua jendearen esku hartze zabalari esker egin zen, aditu askoren iritziekin, aholkuekin eta argibideekin erkatuz eta eskubideen inguruan dauden nazioarteko legeak, hitzarmenak, itunak eta kartak kontuan hartuz.

Nazio Eztabaidagunea filosofia beraz jarri zen abian 2003ko uztailean.