Euskal Herriko Naziotasun Aitormena izapidetzeko 1. Nazio Eguna
2001. urtean 125.000 herritarrek euren naziotasuna aitortzeko egindako eskaera onartu zenetik, egitasmo honen bidea ez da erraza izan. Giza eskubideei zein eskubide zibil eta politikoei dagokienez, nazioarteko itunetan ezarritakoa jaso eta egikaritu arren, frantziar eta espainiar estatuek jarritako oztopoak pairatu ditu: mehatxuak, administrazioarekiko auzi errekurtsoak, gezurrak eta, azkenik, eraso zuzenak. Euskal Herrian dauden epaile espainiarrek udalek ekimena sostengatzeko onartutako mozioak deuseztatu eta egitasmoaz arduratzen zen hautetsia espetxeratu zuten 2003ko apirilean. Bestalde, frankismoaz geroztik Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian egindako udal hauteskunderik ilunenetan izendaturiko alkate batzuek uko egin zioten herriaren eskaerari.
Errepresioaren ondorioz, EHNA izapidetzeko aukera guztiz murriztu zen 2003ko udaberritik aurrera, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan ezik. Egoera horretan, herritarrek -berriro ere- eginiko eskaerari erantzunez, Loren Arkotxa lehendakariak ekimenari berrekiteko eskatu zien Euskal Herriko udal hautetsiei 2003ko azaroan espetxetik eginiko elkarrizketa baten bitartez. Herri askotako hautetsiek euren gain hartu zuten eskaera, eta EHNA izapidetzeko egun nazionala antolatu zuten abenduaren 13an eta 14an. "Bai Euskal Herriari" herri ekimenak alderdien, sindikatuen, gizarte eragileen eta pertsona ezagunen atxikimendua biltzeko kanpaina egin zuen. 2003ko abenduaren 13a mugarri esanguratsua izan zen Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren inguruko egitasmoaren ibilbidean. Ekimenari indarberrituta berrekiteko balio izan zuen herri batzuetan; beste batzuetan, berriz, lehenengo aukera izan zen. Hona datu bat arrakastaren izariaren seinale: 2003ko abenduaren 13tik 2004ko Aberri Eguna arte, 20.462 euskal herritarrek izapidetu zuten EHNA 227 udalerritan.
2003ko Durangoko azoka Nazio Eztabaidagunearen I. osoko bilkura Ibaetako unibertsitateko canpusean
|