Nazio Eztabaidagunearen II. osoko bilkura. Aberri Eguneko proposamena

2004ko martxoaren 27an Donostian eginiko II. Osoko Bilkuran 170 kide bildu ziren, eta Gatazka Konpontzeko Mahaia eta Nazio Garapenerako Biltzarra osatzea proposatu zen; hain zuzen ere, gatazka konpondu nahi duten eta Euskal Herrian errotuta dauden alderdiek Mahaia sortzea proposatu zen. Mahai hori alderdi politikoek gidatu arren, Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalekiko elkarlana sustatzea proposatu zen. Proposamenak ez zuen zehaztu Mahaia nork eta nola sortuko zuten; bai, ordea, mahai hori bideratzeko eta jaio zedin bultzatzeko batzorde bat sortzea, Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordea, alegia.

Bestalde, Nazio Garapenerako Biltzarra gizarte arlokoa izatea proposatu zen, sektoreka nazio mailako ospea eta aitortza duten herri eragilez osatua. Helburua, besteak beste, Nazio Eraikuntzaren plan estrategikoa gorpuztea litzateke.