2004ko Aberri Eguna Nazio Eztabaidagunearen proposamenak markatu zuen. Amaiurren ospatu zuen 2003ko Aberri Egunean, Udalbiltzak adierazi zuen euskal herritar guztien iritzia eta borondatea bilduko zuen gunea beharrezkoa zela, baita gune nazional hori sortzeko konpromisoa ere, eta lurralde edo ideologia mailako desadostasunak gainditu eta burujabetza politikoan oinarritutako proiektu nazionala gorpuzteko deia zabaldu zuen lau haizeetara. Nazio Eztabaidaguneak lan eredugarria egin ondoren, 2003ko Aberri Eguneko desira gauzatu egin zen 2004ko Aberri Egunean. Ildo horretan, gatazkari konponbide demokratikoa emateko proposamena eta Euskal Herria berreraikitzeko asmoa plazaratu ziren apirilaren 11n Iruñean, Euskal Herriko hiriburuan.
Prozesu luze baten emaitza izan zen. Erronkari aurre egiteko proposamen zehatzak egin zituzten, eta elkarlanera deitu zituzten Euskal Herria aitortu, gatazka politikoa dagoela onartu eta hura konpontzeko borondatea zuten eragile sozial, politiko eta sindikalak. Inor baztertu gabe, adostasunean oinarritutako proiektua sustatzea zen helburua; iraganeko akatsak ikasi, eta denon artean egindako etorkizuna eraikitzea. Horixe izan zen 2004ko Aberri Egunean aurkeztutako proposamena.
Euskal Herriko herrietan "Urratsak emateko prest" ospaturiko ekitaldietan, horren ondorioz sorturiko ikusmoldea eta nazio elkarlanerako filosofia berriarekiko atxikimendua izan ziren elementurik garrantzitsuenak. Euskal Herriko Udal Hautetsien Biltzarrak Udalbiltza berrantolatzeko konpromisoa adierazi zuen argi eta garbi.
Bestalde, Aberri Eguna alderdien eguna baino gehiago Euskal Herriaren eta euskal herritarren eguna dela nabarmentzeko, ekitaldietan pentsaera ezberdinetatik harago parte hartzeko gonbita egin zieten Euskal Herriko udal hautetsiek euskal herritar guztiei. Hartara, milaka lagunek hartu zuten parte ekitaldietan eta, zenbait herritan –batik bat, Loren Arkotxari, Xarlo Etxezaharretari eta beste lagunei ongietorria emateko balio izan zuten bilkuretan-, aniztasun helburu hori lortu zen.
Nazio Eztabaidagunearen II. osoko bilkura. Aberri Eguneko proposamena
Udalbiltza berrantolatzeko atxikimendu prozesua