Ibilbidea |
Udalbiltza berrantolatzeko atxikimendu prozesuaAberri Eguneko leloa (Urratsak emateko prest) gauzatu nahian, Euskal Herriko Udal Hautetsien Biltzarra pausoak ematen hasi zen berehala. Nazio Eztabaidagunearen proposamenekin bat zetorrela adieraztea, Euskal Herriko nazio erakundea sortzeko prozesuan Udalbiltza berrantolatu beharra zegoela adieraztea zen, baina baita nazio eraikuntzarako proposamenean eman ziren printzipioak ezinbestekoak zirela ere, hasierako funtzionamendu zabala berreskuratzeko: 1999an Euskalduna Jauregian onartutako bost printzipioak garatzea, Euskal Herriaren Eskubideen Karta zabaltzea eta herritarrek udal hautetsiak hautatzeko emaniko botoekiko begirunea. Esandakoa egin eta hori guztia bideratzeko, Udalbiltzaren batzar nagusia bazterketarik gabe antolatu beharra nabarmendu zen, eta Euskal Herriko udal hautetsiekiko harremanak hasi ziren. Horretarako, alderdikerien gainetik, hainbat udal hautetsik Udalbiltza berrantolatzeko prozesuan zegokion partaidetza zuzena aldarrikatu zuen 2004ko maiatzaren 15ean. Euskal herriko zazpi lurraldetako 84 udal hautetsik atxikimendu kanpaina jarri zuten abian, Udalbiltza Berrantolatzeko Batzar Nagusira deitzeko, eta prozesu horretan izandako harreman askotarikoak ontzat jo zituzten, berrantolaketaren aldeko jarrera nabarmendu baitzen. Pentsamolde ugaritako eta herrialde guztietako 700 bat udal hautetsik egin zuten bat atxikimendu prozesuarekin.
|