Nazio Garapenerako Biltzarraren aurkezpena

Nazio Garapenerako Biltzarra Euskal Herriak bizirik iraungo duela eta garatu egingo dela bermatzeko herri estrategia zehazteko gunea da. Sektoreka nazio mailako hedadura duten herri eragileez eta, oro har, herritarren aintzatespen zabala duten kideez osatua da, eta herri mugimenduan lanean diharduten emakumezkoek eta gizonezkoek bat egiteko eta auzolanean jarduteko esparrua izatea du xede.

Nazio Eztabaidaguneak 2004ko Aberri Egunean onartu zuen dokumentuaren arabera, ondorengoak dira erakundearen betebeharrak:

-Nazio eraikuntzaren defentsa eta babesa bermatzeko larrialdietarako batzordea hedatzea.

-Nazio erakundetzea osatuko dela bermatzea.

-Nazio programazioa bideratzea.

-Nazio eraikuntzari buruzko gogoeta sarea antolatzea.

Aberri Egunean plazaraturiko bigarren proposamenean, gatazka gainditzeko bideak jorratu, gatazka konpontzeko mahaia bideratu eta hura sor zedin bultzatuko zuen Gatazka Konpontzeko Sustapen Batzordea eratzea hitzartu zen. Konponbidearen oinarriak autodeterminazio eskubidea aitortzea eta hura gauzatzeko prozesua izan behar duela proposatzen du. Horrez gain, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarrek galdeketaren bidez erabaki behar dutela dio, eta espainiar zein frantziar estatuek Euskal Herriaren autodeterminaziorako eskubidea aitortu eta euskal herritarren erabaki demokratikoa errespetatu behar dutela.

EranskinaTamaina
NAZIO_GARAPENERAKO_BILTZARRA.pdf140.81 KB