Estatu espainiarrak zein frantziarrak inposaturiko muga politiko-administratibo guztien gainetik, Udalbiltzak Euskal Herri osoa ordezkatzen du sortu zenetik.Bere txikitasunean, nazio eraikuntzaren eta Euskal Herriaren borondate irmoaren adierazgarri garrantzitsua bihurtu da. Hori dela-eta, era guztietako erasoak pairatu ditu bere ibilbidean eta, alde horretatik, bi ondorio nagusi atera litezke: batetik, nazio erakundearen lanaren garrantzi estrategikoa eta, bestetik, Udalbiltzak Euskal Herrian duen babes sozial zabala. 1999ko batzar eratzailea egin aurretik pairatu zituen lehenengo erasoak Udalbiltzak. Espainiar eta frantziar estatuetako gobernuek Euskal Herriko udal hautetsiak bilkurara ez joateko deia egin zuten eta, komunikabideetako etengabeko erasoaz gain, bi estatuek ere Euskal Herriko Naziotasun Aitormena, Xiberoa Garatzen egitasmoa eta Udalbiltzaren diru iturriak izan zituzten jomuga 1999tik 2003ra.
2003ko apirilean, Baltasar Garzón epaileak eraso politiko-juridikorik bortitzena egin zuen: atxiloketak, espetxeratzeak, egoitzak ixtea, garapen proiektuko dirua bahitzea eta fidantzatan izugarrizko dirutza ordaindu beharra askatasuna berreskuratzeko.
2003. eta 2004. urteetan, auziak aurrera egin zuen eta, 2004ko irailean, 11 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean Udalbiltza auziagatik auzipetuta deklaratzera deitu zituzten. Urriaren 6an, berriz, Baltasar Garzón epaileak leporatzen zienaren berri eman zien banan-banan auzipetutako 21 lagunei. Harekin bat, "erakunde terroristako" kide izatea leporatzen zaie auzipetuei, ondorengo ekimen guztiak gauzatzeagatik:
-Ikastolei eta hainbat lizeori eta eskolari laguntzea
-Euskal naziotasuna adierazteko prozedura (EHNA) bultzatzea
-Beste nazioek bezala, Europako herririk zaharrenak Europako Batasunean eta Nazio Batuetan behar duen tokia aldarrikatzea (Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia)
-Euskal Herriko lurralde osoan gure hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzea eta bizitzaren alor guztietan normalizatzen laguntzea (besteak beste, Kontseiluarekin, SEIrekin, Udalekurekin, Topagunearekin eta Arrosa irrati ekoizpeneko zentroarekin sinatutako hitzarmenak)
-Euskal Herrian ekonomikoki atzeratuta dauden guneak garatzen laguntzeko elkartasuna antolatu eta garapen ekimenak bultzatzea (Xiberoa Garatzen egitasmoa eta Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa)
-Ildo horretako beste ekimen batzuk bultzatzea: euskal unibertsitatea, euskal curriculuma, Euskal Herriko kirol selekzioak, Euskal Herriko estatistika zentroa, euskal kultura, behatoki sozio-ekonomikoa....
Udalbiltzak jasandako erasoa azken urteetan Euskal Herriaren eraikuntzan murgildurik dauden beste sektore batzuek (komunikabideak, euskaren aldeko mugimendua, alderdiak eta erakunde sozialak) pairatu duten ingurumarian kokatu behar da. Nolabait esatearren, Euskal Herriak duen berezko erakunde egitura eraikitzeko eskubideari eraso egiteko txanda zen.
Azken eraso hori dela-eta, halere, eragile politiko, sindikal eta sozial anitzek Udalbiltzari eman zioten babesa pozgarria ez ezik, eredugarria ere izan zen.
Eragileen arteko adostasuna, herrietan izandako mobilizazioak eta iritsitako elkartasuna direla-eta, Udalbiltzak oso ontzat jo zuen jasotako babesa. Izan ere, horrek guztiak agerian utzi du, batetik, Udalbiltza ezinbesteko tresna dela eta, bestetik, urteetan zehar Euskal Herriaren alde eraikitakoa defendatzeko "hesi demokratikoa" sortu beharra eta horretarako borondatea egon badaudela.
Nazio Garapenerako Biltzarraren aurkezpena
Udalbiltzaren erakunde adierazpena Europako Konstituzioaren sinadura dela eta