Udalbiltzaren erakunde adierazpena Europako Konstituzioaren sinadura dela eta

2004ko urriaren 28an, Europako Batasuneko estatuburuek Europako Konstituzioa sinatu zuten Erroman. Udalbiltzak ekainean Getxon egindako batzarrean Konstituzioaren zirriborroaren gainean egindako hausnarketa oso kritikoa izan zen. Nahiz eta data horren ostean aldaketa gutxi egin diren testuan, nazio erakundeak bere iritzia plazaratzea deliberatu zuen.

Hala ere, gertaera politikoak pilatzen ari ziren udazken horretan, sinadura ekitaldia beste gertaera bat besterik ez zen izan euskal herritarrentzat. Izan ere, alderdietako erakunde ordezkariek Ipar Euskal Herriaren erakunde esparru propioa aldarrikatu zuten aste berean; ETA erakundeak agiria plazaratu zuen, gatazka konpontzen parte hartzeko prestasuna azaltzeko; Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 25. urteurrena ospatu zen; Estatu espainiarreko elkarte autonomoetako lehendakarien goi bilera izan zen; Nazio Eztabaidagunearen Osoko Bilkura egin zen; milaka lagunek burujabetza ekonomikoa aldarrikatu zuten Bilbon izaniko manifestazio jendetsuan, Sestaoko Naval ontziolako afera eta antzeko beste arazo batzuk direla-eta; hainbat leherketa eta eskutitz leporatu zioten ETAri; eta, azkenik, Estatu frantziarrean eta Bizkaian ETArekin zerikusia zutelakoan atxilotu zituzten dozenaka lagunek torturaren itzala zabaldu zuten berriro ere.

Aste horrek gure oraina sintetizatzen du hein handi batean. Ez dago ukatzerik bizirik dirauen herri bat egon badagoela hemen, eta gatazka politiko historikoan murgildurik gaudela hemen. Ezin ukatuzko errealitatea da, dela aurreko aste horren aldera, dela 25 urteko epeari erreparatuta, dela mendeak atzera eginez gero.

Hain zuzen ere, Euskal Herriak pairatzen duen une nahasi eta itxaropentsu hori da ebazpen honen testuingurua. Dauden aukerak aprobetxatzeko deia da.

EranskinaTamaina
AUKERAK_ERABILTZEKO_UNEA.pdf169.98 KB