Ibilbidea |
Udalbiltzaren erakunde ebazpena/hausnarketa abenduaren 3aren karietaraEuskal Herriarentzat aparteko zeresana du abenduaren 3ak. Indarrean dagoen esparru juridiko eta politikoaren arabera, Nafarroa Garaiak osatzen duen Nafarroako Foru Komunitatearen egun ofiziala da baina, 1982. urtean foru elkarte autonomoa sortu zenerako, oso data berezia zen. Izan ere, halako egun batean, 1505. urtean, gerora santu eta nafarren patroi izango zen Frantzesc Jaso eta Azpilikueta jaio zen familiak Xabier izeneko herrian zuen gazteluan. Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, euskararen nazioarteko egun izendatu zen data hori 1964. urtean eta, horrez gain, ikastolen eguna eta dantzarien eguna ere ospatzen da gaur egun. 2004. urtean hainbat gertakari bildu zen, hala nola, Antso Nagusia erregearen koroatzearen milagarren urteurrena eta egungo legebiltzar autonomikoaren aurrekaria izan zen foru parlamentuaren osaeraren eta urtero apirilaren azken igandean Baigorrin ospatzen den Nafarroaren egunaren 25. urteurrena. Data berezi hori hautatu zuen Udalbiltzak Euskal Herriaren izaera politiko eta instituzionalaren inguruko hausnarketa propioa plazaratzeko Iruñean. Ebazpen-hausnarketa horren bitartez, Euskal Herriaren etorkizun politiko eta instituzionalari buruzko eztabaida Euskal Herria osoan piztu eta barreiatu zela berresteaz gain, amatasun lirikoetatik landa, Nafarroa Euskal Herriko zein Europako esparru politikoaren muinean birkokatzeko une egokia zela adierazi zuen Loren Arkotxa lehendakariak: “Nafarroa baztertu egin izan da askotan baina, gure herria berriro eraikitze aldera, iruditzen zaigu oso komenigarria dela Nafarroak adierazpide ezberdinen bitartez ekartzen duen onura aitortzea: -Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea batzen dituen Nafarroa terminoa. Ildo horretan, baieztatu zuen Nafarroaren ikuskera politiko sakonak erabat gainditzen duela indarrean dagoen Nafarroako Foru Komunitatea eta, ideia hori nabarmentzeko, Frantziako zein Espainiako estatuek ezarritako zatiketa artifizialaz gaindi, Nafarroa herri berezitu baten existentziaren adierazle dela azaldu zuen: "Mugaren bi aldeetako estatuetako hizkuntza ofiziala ezberdina izanik ere, herritarren mintzoa bera da mugen gainetik". Beste alde batetik, Nafarroak autodeterminazio eskubidea egikaritzeko hainbat helduleku eskaintzen duela baieztatu zuen Arkotxak, "politiko eta nazioartekoa den mendeetako gatazka historikoaren adibide den neurrian". "Hori dela-eta, Europa zaharreko mapetan Nafarroa izeneko estatua zegoen tokian, bi estatutako mugez gaindiko nortasun batek jarraitzen du oraindik ere Europako hegoaldean", nabarmendu zuen Ondarroako hautetsiak. Azkenik, etorkizunari ausarki aurre egiteko mementoa dela esan zuen, iraganari begirada malenkoniatsua emateko unea baino gehiago: "XXI. mendean, hirugarren milurtearen hasieran, Europako herririk zaharrenak bere tokia galdatu behar du konstituzioa auzitan duen estatuen Europa horretan eta, alde horretatik, Eslovenia, Estonia, Letonia, Lituania, Txekia, Eslovakia, etab. (duela gutxi arte, guk bezala, estaturik ez zuten nazioak ala burujabetza galduta zutenak) eredu dira guretzat".
|