Erakunde ekitaldia Europako itunari buruzko erreferendumaren karietara

Udalbiltzaren erakunde ekitaldia Europako Konstituzioari buruzko erreferendumaren karietara
Europako Batasuneko 25 estatuburuek Europako Konstituzio Ituna sinatu zuten 2004ko urriaren 28an Erroman, eta Europako Konstituzio Itunari buruzko lehenbiziko erreferendumak Espainiako eta Frantziako estatuetan egin ziren, otsailaren 20an eta maiatzaren 29an hurrenez hurren.

Euskal Herriarentzat berebiziko garrantzia zuen abagunea izaki, Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak bere iritzia plazaratzea deliberatu zuen. Hartara, otsailaren 5ean erakunde ekitaldia egin zuen zazpi herrialdeetako udal hautetsiekin Irungo Ficoba aretoan, eta 1999. urtean Euskalduna Jauregian egin zuen batzarrean izandako jarrera berretsi zuen, hau da, "Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea nazioartean, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere etorkizunean Europa egituratzen eta Europako erakundeetan".

Hori guztia dela-eta, Euskal Herria eskubide politikoen jabe dela ukatzen duen neurrian eta gutxieneko bermeak eskaintzen ez dituenez gero herrien eta herritarren eskubide sozialak, hizkuntza eskubideak eta emakumeen eskubideak direla-eta, Udalbiltzak erabateko desadostasuna adierazi zuen Itunaren gainean. Hala ere, Itunari EZEZKOA eman arren, Udalbiltzak europazaletasuna eta aurrerakoitasuna berretsi zituen, eta bestelako edukiak izango zituen Europako itunaren alde egin zuen ebazpen ofizialean. Azkenik, Pirinioetako alde bietan egingo ziren erreferendumetan euskal herritar gisa parte hartzeko eskubidea egikaritu zuen Udalbiltzak, Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaz identifikatu eta bozkatzeko deia egin baitzuen.

Bi erreferendumetako emaitzei erreparatuz gero, erreferendumak Euskal Herriak pairatzen duen administrazio zatiketaren beste adierazle bat izateaz gain, argi geratu zen euskal herritarrek Europako eraikuntza bestela egin behar dela adierazi zutela. Izan ere, Euskal Herriko hautesle errolda 2.500.000 lagun ingurukoa izanik, 615.000k soilik eman zioten baiezko boza Itunari. Ildo horretan, partaidetza erdia baino askoz ere txikiagoa izan zen baiezkoa ofizialki nagusitu zen gunean, eta beste eremuan, berriz, ezezko bozak areagotu egin ziren, parte hartzeak gora egin zuen neurrian.

Azken batean, Euskal Herriak Europan egon nahi duela adierazi zuen, baina bestela planteatuta, hau da, herri nortasunari uko egin gabe; Udalbiltzak ondorioztatu zuenez, europarra badela, baina ez itun honen bitartez. Euskal Herriko udal erakundearen aburuz, herritarrak ikusten ari dira denbora pasatu ahala, eurengandik oso urrun eraikitzeaz gain, Europa honek galerak baino ez dituela ekarriko eskubide zibil, politiko, sozial eta ekonomikoen arloan Europako herritar gehienentzat. Horren guztiaren ondorioz, Frantziako Estatuan eta Herbehereetan izaniko erreferendumetako emaitzak benetako hausnarketa bultzatzeko baliatu behar zirela nabarmendu zuen Udalbiltzak bere balioespenean.

Bestalde, Udalbiltzak oso ontzat jo zuen EHNAren erabilera bozkatzeko orduan. "Herri gisa ukatu nahi gaituen Itun Konstituziogileari buruzko bozketan, Euskal Herria errealitatea dela eta herri honek Pirinioen alde bietan bizirik dirauela erakutsi zuten milaka herritarrek", baieztatu zuen balioespena egiterakoan.

EranskinaTamaina
UDALBILTZAK_EUROPAKO_KONSTITUZIOAREN_GAINEAN_EGIN_DUEN_ERAKUNDE_EBAZPENA.pdf69.44 KB