Martxoaren 27an ospatu zen 2005eko Aberri Eguna eta, hein handi batean, 2004ko Aberri Egunean hasitako bidearen emaitzak ikusten hasteko balio izan zuen. Behinik behin, irakurketa hori egin zuen Udalbiltzak, eta irizpide horrekin bat aukeratu zuen leloa. Izan ere, 2004ko leloa "Urratsak emateko prest" izan zen, eta 2005ekoa, berriz, "Urrats sendoak ematen".
Leloaren helburua Euskal Herriaren zein Udalbiltzaren egoera islatzea zen. Batetik, Euskal Herria aurrera doa, mendean gaituzten bi estatuek jartzen dizkiguten oztopo guztiak gaindituz, eta horren adierazgarri da eragile sozial, sindikal eta politiko ugarik Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu izana, gatazka konpontzearren. Bestetik, leloak Udalbiltzarentzat ere zuen esanahi berezia, bi urte lehenago izandako eraso bortitza gainditzen hasia zela erakutsi baitzuen. Izan ere, oso adierazle ona da milaka lagun biltzea 78 udalerritako beste horrenbeste erakunde ekitalditan, Euskal Herriko 32 eskualdetan.
Ekitaldi horiek Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoarekiko atxikimendua adierazteko parada izan ziren. Alde horretatik, nazio erakundeak 2003ko Aberri Egunean hasitako bidearen jauzi kualitatibotzat jo zuen sinadura hori ebazpen ofizialean, eta ekimen horren erakunde erreferente nazional bilakatu eta laguntza nazioartean eskaintzeko borondatea erakutsi zuen, "Herrien eskubideen aldeko nazioarteko konferentzian" abiatutako ildoan.
Aipamen berezia merezi dute ekitaldi bateratuek eta diasporan lorturikoak. Udalbiltzak Aberri Eguna batera ospatzeko deia egin zion diasporari eta, dei horri erantzutearren, diasporako 4 militante aktibok (Argentinako EAJko lurraldeaz kanpoko batzordeko kide Domingo Ormaetxeak eta Felipe Eiheragibelek –azken hori Rosarioko Euskal Etxeko lehendakari ohia ere bada–, Argentinako Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi César Arrondok eta Rosarioko Jo Ta Ke gazte elkarte abertzaleko militante Santiago Bereciartuak), "gatazka konpontzeko beharrezko batasunaren seinale", Udalbiltzaren adierazpena sinatu zuten.
Mexikon, bestalde, Celayako Arrano Beltza Elkarteak Udalbiltzaren adierazpena hedatu zuen Aberri Eguna ospatzeko ekitaldian. Halaber, hogei bat herrialdetan dagoen Euskal Diaspora Nazioarteko Elkarteak euskal nazio erakundearen adierazpena zabaldu zuen.
Beste ekitaldiei dagokienez, tamalez, aurrez ikusten genuen panorama gauzatu zen. Euskal Herriko zati bateko hauteskundeen hurbiltasunak eragin handia izan zuen, eta alderdikeria izan zen nagusi. Bestalde, nabarmentzekoa da gure herriak pairatzen duen egoera ez normalizatuaren isla garbia, gobernadore zibilak Iruñeko mobilizazioa debekatu baitzuen Espainiako Poliziaren errepresio bortitzaren bidez.
Azkenik, Udalbiltza 2006ko apirilaren 16a aipatu zuen balioespenean, eta alderdikeria gainditu eta Aberri Egun bateratuaren alde egiteko konpromisoa hartu zuen, herri honek beste urrats bat eman dezakeelakoan datorren urteko Aberri Egunean Euskal Herria eraiki eta gatazka politikoa konpontzen.
Udalbiltza - Arrapitz - Lur Hats
“Urratsez urrats, bidea eginez" erakunde ekitaldia gizarte eragileekin Irungo Ficoba erakustazokan