2003ko plangintza

Udalbiltzako arduradunek lan moldeen aldaketak iragarri zituzten 2003. urterako. Udalbiltza "indar egituratzaile" bihurtu beharra aipatu zuen Udalbiltzako lehendakariak Tolosan egindako IV. Batzar Nagusian, bai lurraldetasunaren ikuspuntutik, bai nazio eraikuntzan aurrera egiteko ahaleginen eta dinamiken ikuspuntutik. Horrek "lan eskema berria" dakarrela ohartarazi zuen Loren Arkotxak, eta ordu arte Udalbiltzak bakarrik bereganatutako lana beste hautetsiekin eta eragile sozial zein sindikalekin partekatu beharko zela adierazi zuen.