2005eko Batzar Nagusia. Iruñea. 05-06-18 Batzarra

2005eko ekainaren 18an, Udalbiltzak urteko Batzar Nagusia egin zuen Iruñeko Vianako Printzea zinema aretoan, ikasturte politikoaren balantzea egin eta hurrengo ikasturterako plangintza prestatzearren. Batzarrak bi ondorio nagusi izan zituen: alde batetik, Udalbiltzak nabarmen aurreratu zuela amaitzen ari zen urtean eta, bestetik, indar politikoan eta herritarrekiko loturan jauzi egiteko asmoa zuela hurrengo urtean.

Zazpi herrialdeetan sustraituta dagoen Euskal Herriko erakunde bakarra eta Euskal Herriko prozesuarekiko duen arduraren jabe izanik, Udalbiltzak bere burua berrantolatzeko beste urrats bat ematea proposatu zuen 2005eko Iruñeko Batzar Nagusian.

Hori dela-eta, ekimen berezia jarri zuen abian batzarrerako deialdirako, eta batzarraren zergatia eta testuingurua azaltzen zituen "Udal Hitza" aldizkaria eta batzarrerako gonbitak bidali zituen Euskal Herriko 684 udaletara, bertako zinegotziak bezainbat. Gainera, material horrekin batera, "Udalbiltzaren berrantolaketarantz" izeneko CDa ere igorri zien Udalbiltzak udal hautetsiei. Hain zuzen ere, Nazio Eztabaidaguneak Udalbiltza berrantolatzeko finkatu zituen zutabeak daude bildurik beste euskarri horretan:
- Udalbiltzaren sorrerako adierazpen politikoa
- "Euskal Herriko eskubideen karta"
- "Euskal Herriko udal hautetsien I. gidaliburua"

Lehenbiziko agiria oso ezaguna da, eta 1999an Euskalduna Jauregian finkatu ziren bost printzipioak jasotzen ditu.

Bigarren dokumentua, berriz, Udalbiltzak argitaratu zuen 2002ko azaroan. "Euskal Herriko eskubideen kartak" nazioarteko itun nagusietan (1948ko "Giza eskubideen aldarrikapen unibertsalean", "Eskubide zibil eta politikoen nazioarteko itunean", eta abarrean) jasotzen diren eskubideak biltzen ditu, eta euskal herritarren errealitatearen araberako aplikazio praktikoa da.

Hirugarrena, azkenik, Euskal Herriko 6.756 udal hautetsiak biltzen dituen lehenbiziko gidaliburua da. Euskal Herriko 684 udalerrietako udal hautetsi guztiak herrialdez herrialde eta udalez udal biltzeaz gain, bilduma hau 2003. urtean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko udal hauteskundeetan gertatu zen eskubide politikoen urratzea zuzentzeko demokrazia ariketa ere bada. Izan ere, Nazioarteko Berme Batzordeak plazaratu datuei esker, Udalbiltzak herritarrek udalerriz udalerri hautatu zituzten pertsona guztien izenak argitaratu zituen zentsurarik gabe, eta dagokien hautetsi izaera aitortu zien guztiei. Aitormen horrek fideltasunez gauzatzen du Nazio Eztabaidaguneak Udalbiltza berrantolatzeko proposaturiko hirugarren oinarriaren muina, hau da, "herri honen hitzaren bitartez emandako zilegitasunezko emaitzak errespetatzea".

Prentsa agerraldien bitartez ez ezik, gutunen bidez ere eman zien komunikazio prozesu honen berri Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak Euskal Herriko alkate guztiei, guztien artean eztabaida osa zezaten.

Batzarrari dagokionez, hainbat ataletan banatu zen. Balantzearen atalean, urtebete lehenago Getxon eginiko Batzar Nagusia ekarri zuten gogora, Nazio Eztabaidaguneak 2004ko Aberri Egunean Udalbiltza berrantolatzeko proposatu zutabeak izan zituena abiapuntu. Getxon bildutakoek bazekiten Euskal Herriko udal hautetsi guztien gunea berrosatzeko prozesua luzea izango zela baina, egun magiko baten zain egon beharrean, prozesu horretako lehenbiziko urratsa ematea erabaki zuten orduan.

Urrats horri esker lorturiko emaitzak nabarmendu zituzten, besteak beste, nazio eraikuntzaren alorreko hitzarmen berriak, Europako itun konstituziogileari buruzko erreferendumetan parte hartu izana, balizko galdeketen inguruko eztabaidan eragina izatea, Aberri Egun anitz eta alderdikeriarik gabekoa antolatzeko saio sendoa eta EHNA izapidetzeko aukerak eta hura erabiltzeko esparruak zabaldu izana.

Udalbiltzaren lanaz gain, gatazka konpondu eta Euskal Herria eraikitzeko herri gisa emandako urratsak ere nabarmendu zituzten. Udalbiltzaren ustez, Aberri Eguneko Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatzearen ondorioz, esan liteke euskal herritarren hitza adierazteko prozesu demokratikoaren zirriborroa abian dela, eta Gaindegia, Laborantza Ganberaren sorrera, "Emakumeen eskubideen karta" eta Gazte Kontseiluaren egitasmoak askotan uste duguna baino gehiago aurreratu dugun isla dira.

Balantzearen ondoren, batzarra bere ingurumarian kokatu zuten eta, ildo horretan, orduko une politiko berezia nabarmendu zuten. Udalbiltzaren sorreratik ia sei urte eta erasotik bi urte luze igaro ziren hartan, Euskal Herriak bere buruaren jabe izan gabe jarraitzen zuela berretsi zuten, baina itxaropenerako leihoa irekitzen ari zela baieztatu zuten. Hortaz, aukerak baliatzeko unean gaudela eta guztion ekarpena bideratzeko ahaleginetan guztion beharra dagoela utzi zuten agerian: alderdi politikoena eta eragile sozialena eta sindikalena, baita banakoena eta erakundeena ere.

Konpromisoak hartzeko eskatu zieten besteei, baina zegozkienak euren gain hartzeko prestasuna ere adierazi zuten udal hautetsiek; alegia, euskal herritarrengana iristeko jauzia egin nahi zuten euren burua berrantolatu eta Euskal Herriaren aldeko lana areagotzeko dinamikaren ildoan, zazpi herrialdeetan mendeetako muga inposizioen gainetik sustraituta dagoen erakunde bakarra toki politikoa berreskuratzen hasia zen une hartan.

Hurrengo urtean Udalbiltzak egindako lana jendartean zabaldu eta prozesuaren mesedetan erabiltzeko asmoa adierazi zuten, "Eskubideen karta" abiapuntu izanik. Izan ere, nazioarteko legedian jasotako eskubideak bildu eta Euskal Herriko errealitatearen arabera aplikatu ostean, heldua zen eskubide horiek erabili eta haien aurkako urratzeak salatzeko garaia.

Ildo horretan kokatu zuten hurrengo urteetarako helburu orokorra: Udalbiltza Euskal Herriko udal hautetsi guztien gune nazional eta prozesu politikoko erakunde erreferente nazional bihurtzea. Alde horretatik, 2007. urtea aipatu zuten, eta bi arrazoi argudiatu zituzten horretarako: batetik, udal hauteskundeak zazpi herrialdeetan egingo dira eta, bestetik, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian jazotzen den apartheid politikoa gainditzeko aukera izango da.

Dena den, urratsez urrats ibili behar denez gero helburu hori lortzeko, 2005-2006 ikasturtea lehenbiziko urratsa izango zela jakinarazi zuten, eta bi helburu finkatu zituzten:

1.- Euskal Herriko prozesu politikoa bultzatzea bai gatazka konpontzeko, bai Euskal Herria eraikitzeko, ekarpen teorikoak eta praktikoak bideratuz.

2.- Udalbiltzaren eta euskal herritarren arteko harremanak estutzea, Udalbiltzaren lana eta ekarpenak erakutsiz.

Udalbiltzak esan zuenez, prozesu politikoaren bi aldeetara bideratuko du ekarpena: batetik, gatazka konpontze aldera, berriki sorturiko Hitzarmenerako Mahaiarekiko elkarlanera eta, bestetik, Euskal Herria eraikitze aldera, Euskal Herriko etorkizuneko zutabe estrategikoak sustatzen laguntzera Nazio Garapenerako Biltzarrarekin batera, hitzarmen estrategikoak izenpetzen jarraituz gizarte eragileekin.

Bigarren helburuaren xedea, hau da, "euskal herritarrekiko harremana areagotzearena", Udalbiltza erakustea da udal hautetsien ikuspuntutik eta, iragarri zutenez, ikasturte horretan eman ziren urrats komunikatiboek jarraipena izanen zuten, hala nola, Udalbiltzaren agerraldi publikoak areagotu izanak, udalbiltza.net webgunea berreskuratu izanak, Udal Hitza aldizkaria Euskal Herriko 6756 udal hautetsiei banatu izanak eta Ficoban eragile politikoekin, sozialekin eta sindikalekin egin zen erakunde ekitaldiak. Gainera, argitalpen berriak, ekitaldi jendetsuak eta Aberri Egun bateratuaren aldeko lana ere iragarri zituzten.

Batzarraren beste atal garrantzitsu bat batzordeburuen balantzea eta hurrengo urterako plangintzaren aurkezpena izan zen. Banan-banan eta batzordez batzorde, Udalbiltzak 2005-2006 ikasturterako plan zehatzak aurkeztu zituen: EHNA izapidetu eta erabiltzeko aukerak zabaltzea Bai Euskal Herriari-rekin batera, euskal curriculumaren eta euskal unibertsitatearen alde egitea Ikastolen Konfederazioarekin eta Sortzen Ikasbatuaz-ekin batera, Euskal Herriko datu estatistikoen normalizazioa gauzatu eta garapen orekatuaren alde egitea Gaindegiarekin batera, hizkuntza eskubideak babestea Kontseiluarekin eta Hizkuntza Behatokiarekin batera, eskubide demokratikoen alde egitea, Europan eta munduaren aurrean herri berezituen alde egitea diasporarekin eta nazioarteko bitartekoekin batera, Euskal Herriko Gazte Kontseilua eta, azkenik, egitasmoak zehaztu eta elkarlana bideratzea kulturaren, kirolaren eta komunikabideen alorrean.

Batzarraren bigarren zatian erakunde ebazpena eztabaidatu eta onartu zuten, batzorde eragilea hautatu zuten eta, azkenik, Loren Arkotxa lehendakariaren agurra eta Nafarroako Gorteetako ereserkia aditu zituzten.