Euskal Herriko ia 400 gizarte eragileren ordezkariekin batera erakunde ekitaldia eginez gogoratu zuen Udalbiltzak bi urte lehenago jazotako eraso zapaltzailea. Udalbiltzaren deialdiari erantzunez, hautetsiak eta eragile politikoetako, sindikaletako eta sozialetako gonbidatuak egon ziren. Hain zuzen ere, Batasuna, AB, Aralar eta EAE-ANV alderdiek hartu zuten parte, baita hainbat arlotako eragileek ere, besteak beste, Rafa Diezek, Paul Nicholsonek, Alfonso Etxebarriak, Joseba Alvarezek, Jone Goirizelaiak, Mertxe Colinak, Xabier Mendigurenek, Koldo Tellituk, Edurne Brouardek, Joxe Leon Otañok, Martxelo Otamendik, Joanmari Larrartek, Iñaki Uriak, Josu Juaristik, Gorka Altunak, Erramun Martikorenak, Koldo Izagirrek, Jose Luis Otamendik, Castillo Suarezek, Jesus Mari Zalakainek, Xabier Isasik, Xabier Oleagak, Luis Goyak, Juanba Berasategik, Mixel Etxeberrik eta Martxel Toledok.
Ekitaldi xume baten bitartez, Udalbiltzak ordura arte eginiko ibilbidea gogoratu zuen, errepresaliatuak omendu eta nazio eraikuntzarekiko konpromisoa eta gizarte eragileekiko elkarlanerako prestasuna berretsi. Polizia operazioaren bigarren urteurrena bete eta biharamunean, Loren Arkotxa lehendakariak gogorarazi zuen nazio erakundeak indarrean jarraitzen duela eta Euskal Herrian abiatu beharreko prozesuari ekarpenak egiteko konpromiso osoa duela baina, aldi berean, konpromiso maila bera eskatu zien gainerako eragileei ere. Halaber, abiatu beharreko prozesua inolako bazterketarik gabe abiatu behar dela esan zuen Arkotxak; hots, ez lurralderik, ez eragilerik baztertu gabe. «Gure herriaren etorkizuna ezin da ikuspuntu alderdikoi eta partzialen arabera eraiki. Horretaz jabetzeko aukera izan dugu azken hamarkadetako ibilbidean eta, beraz, heldu da garaia Euskal Herria osotasunean hartuta eraikitzeko».
Eragile guzti-guztien konpromisoa eskatu zuen, eta euren bitartekoak «prozesuaren mesedetan jartzeko gonbita» egin zien eragile politikoei, sozialei eta sindikalei eta erakundeetako ordezkariei, baita «une politikoa aprobetxatzeko deia» ere. Udalbiltzaren «lan kapitala» horretarako erabiliko dela iragarri zuen, alegia, prozesua beharrezko baldintzetan gauzatu eta zazpi herrialdeetako eskualde guztietara iristeko.
Esan zuenez, «hasi da zirriborratzen euskal herritarren hitza adierazteko prozesu demokratikoaren eredua», eta euskal herritar guztion arteko akordioaren beharra, bazterketarik gabeko prozesua eta euskal herritar guztiek galdetuak izateko duten eskubidea jo zituen prozesu horren ardatz. Gainera, hiru ardatz horietan oinarriturik, Udalbiltzak prozesuarekin bat egingo duela eta «laguntza osoa» eskainiko duela berretsi zuen. Udalbiltzak duen ahalmena ere nabarmendu zuen erakundeko lehendakariak, 7.000 hautetsi baitaude Euskal Herrian eta guztiak izan baitaitezke eragile aktibo: «Herriz herri, tokiko ordezkariak besterik ez dira, baina guztiek batera Euskal Herriko ordezkaritza, herri borondatearen adierazpen zuzena osatzen dute, prozesua sendotzeko tresna eta herritar guztioi galdetuak izateko dagokigun eskubidearen bermea». Horiek hala, Udalbiltzaren helburua hautetsi horiek guztiak bilduko dituen gune nazionala izatea dela azaldu zuen, bera baita «Euskal Herria osotasunean hartzen duen erakunde bakarra». Ildo horretan, lan dinamikan «jauzi egiteko prest» agertu zen Udalbiltza eta, erakundea berrantolatu, alderdikeriak gainditu eta udal hautetsien gunea berrosatzeko garaia zela iritzita, Arkotxak iragarri zuen Udalbiltzak urteko biltzar nagusia egingo zuela ekainean.
2005eko Aberri Eguna. OHDrekiko atxikimendua
2005eko Batzar Nagusia. Iruñea. 05-06-18 Batzarra