Udalen aurrean, eguerdian, eta nazio ekitaldi batean, arratsaldean, Aberri Eguna ospatzera deitu du Udalbiltzak (2006-03-31)

[ alorrak: Aberri eguna ]

Udalen aurrean, eguerdian, eta nazio ekitaldi batean, arratsaldean, Aberri Eguna ospatzera deitu du Udalbiltzak (2006-03-31)

Ebazpen baten bidez adierazi genuenez, Udalbiltzak aintzat hartzen du une honen garrantzia. Udalez eta udal hautetsiz osaturiko nazio erakundearen aburuz, egoera berri honek baditu aurrekariak: herri honek egin duen lan luzea eta eskerga, hain zuzen ere. Ereindakoa fruituak ematen ari da eta, guztion artean, sortzen ari diren aukerak baliatzen asmatu behar dugu orain. Arduraz jokatzeko unea da eta, ETA erakundeak egin duen bezala, beste eragileok ere maila ematen jakin behar dugu, abiatzen ari den egoera berri honetan.

Kezka handiz ikusten ditugu azken egunotan protagonismoa lortzeko pizten ari diren lehia antzuak, oztopoak jartzeko borondatea eta prozesua desitxuratzeko nahiak. Euskal Herriaren eta euskal herritarren garaia da, eta Euskal Herriak ezin du ikusle soilaren rola onartu; ezin da Euskal Herria nazio gisa ukatzen duen estatuburu baten "errepide kartaren eta egutegiaren" esanetara egon; eta ez du elite politikoen esku utzi nahi prozesuaren ardura guztia. Horrexegatik, Euskal Herria egoera demokratikora eramateko prozesua sustatzeko deia egin nahi diogu Euskal Herriko udal hautetsi eta euskal herritar orori.

Ildo horretan, larunbatean "Konponbide garaia da: Euskal Herria. Erabakia. Adostasuna" lelopean egingo den manifestazioa oso egokitzat dugu herritarrek abiatzen ari den prozesuari babesa emateko. Hori dela-eta, Udalbiltzako ordezkaritza zabala bidaliko dugu eta, agerraldi honen bidez, manifestaziora joateko deia egin nahi dugu.

Agerraldi honen helburu nagusia, ordea, beste bat da. Hain zuzen ere, prozesua bultza lezakeen mugarri bat proposatu nahi dugu: 2006ko Aberri Eguna. Aurten, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eguna oso une berezian dator, eta Udalbiltzak prozesua Euskal Herri osoan bultzatzeko baliatu nahi du. Horretarako, herri guztietako udaletxeen aurrean "Euskal Herria, nazioa. Euskal herritarren eskubideen aldeko konpromiso sendoa" leloko ekitaldiak antolatzeko deia egin nahi dugu. Iaz antolatutako hamaika ekitaldi bateratuak zabaldu nahi ditugu aurten eta, horregatik, harremanak zabaltzen ari gara egun hauetan herriz herri. Aukera errealak antzematen ditugu, eta gure esku dagoen guztia eginen dugu helburu hori lortzearren. Gainera, udal hautetsien arteko harreman horiek Udalbiltza berrantolatzeko lagungarri izango direlakoan gaude.

Goizean goizetik herrietan Euskal Herriko ikurrak erakutsi eta ekimenak antolatzera deitu nahi dugu, besteak beste, EHNA izapidetu eta naziotasun eskubidea errespetatzeko eskakizun ofiziala betetzera. Horretaz gain, arratsaldean lelo bereko nazio ekitaldia antolatu dugula jakinarazi nahi dugu. Erakunde ekitaldia egingo dugu Iruñean, Euskal Herriko hiriburuan, Anaitasuna kiroldegian, arratsaldeko seietan, eta hara joatera gonbidatu nahi zaituztegu.

Konpromisoak hartzeko unea dela esan dugu. Udalbiltzaren ustez, izaera politiko-historikoa duen nazioarteko gatazka konpon lezakeen prozesuaren baldintzak sortzen ari dira. Gatazka gainditutzat emateko, baina, euskal herritar ororen eskubide guztiak Euskal Herri osoan aitortu behar dira eta eskubideok erabiltzeko aukera izan behar dugu.

Une garrantzitsu honetan, Udalbiltzak euskal herritarren eskubideen alde harturiko konpromiso hori zertan den jakinarazi nahi dio gizarteari. Horrez gain, Udalbiltzaren sorreratik sei urte luze igaro diren honetan, Euskalduna Jauregian onarturiko printzipioak garatzeko, orduz geroztik sorturiko eragile berriekiko elkarlanaren berri emateko eta Udalbiltza berrantolatzeko prestasuna adierazteko ere balioko du ekitaldi honek.

Azkenik, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal herritarrekin ere jarri gara harremanetan, aurreko urteetan bezala, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eguna, Aberri Eguna, behar bezala ospa dezaten. Hala ere, datozen egunotan emanen dugu zehaztasun gehiago.