Hainbat sentsibilitateko hautetsi publikoek Aberri Eguna Ipar Euskal Herrian ospatzeko deialdiak iragarri dituzte (2006-04-05)

[ alorrak: Aberri eguna ]

Hainbat sentsibilitateko hautetsi publikoek Aberri Eguna Ipar Euskal Herrian ospatzeko deialdiak iragarri dituzte (2006-04-05)
Baionan emandako prentsaurrekoan, Udalbiltzako ordezkariek Aberri Eguna Ipar Euskal Herrian ospatzeko deialdiak iragarri dituzte: ekitaldi bana egingo da goizean iparraldeko hiru euskal hiriburuetan. Arratsaldean, berriz, ekitaldia Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izango da; hain zuzen ere, Hautetsien Biltzarrak ekitaldi nazionala antolatu du bertan.

"2006ko Aberri Eguna oso giro berezian ospatuko da, aspaldiko partez, gure herriaren gatazka konpontzeko beharrezko baldintzak sortu baitira. Hori dela-eta, abertzale guztiek Aberri Egunean bat egin dezaten nahiko genuke, hitzordu baten inguruan besterik ez bada ere", adierazi zuen EAk Lekornen duen hautetsi Mattin Etcheparek; hain zuzen ere, Mattin Etcheparek Lutxi Oxandarabatz Gamarteko zinegotziarekin, Dominique Duhalde Lekuineko zinegotziarekin, Battit Amesto Uztaritzeko zinegotziarekin eta Xabi Larralde Baionako zinegotziarekin egin zuen agerraldia. Gogorarazi zuen Udalbiltzak "hainbat sentsibilitateko kargudunak" biltzen dituela eta, prentsaurrekoan antzeman zenez, "hainbat sentsibilitateko kargudunak" bildu zirela "deialdia jendartean iragartzeko".

Ingurumari horretan, Etcheparek Aberri Eguna Ipar Euskal Herrian ospatzeko deialdiak iragarri zituen. Jakinarazi zuenez, goizean, Udalbiltzak ekitaldiak egingo ditu Euskal Herri osoko udaletan; zehatz-mehatz, Ipar Euskal Herrian, ekitaldi bana egingo du lurralde bakoitzean:
- Zuberoan: Maulen, 12:00etan, Herriko Etxearen aitzinean
- Nafarroa Beherean: Donibane Garazin, 12:00etan, Herriko Etxearen aitzinean
- Lapurdin: Uztaritzen, 12:00etan, Herriko Etxearen aitzinean

Gainera, gogoratu zuen arratsaldeko seietan nazio ekitaldia egingo dela Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Etcheparek nabarmendu zuen "gatazka konpontze aldera sortzen ari den egoera berria dela-eta, Udalbiltzak indarrak batu eta dinamika berria sustatu" behar duela, "Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak aldarrikatuz, konponbidea herritarren eskubideak errespetatuz bakarrik berma daiteke eta".

Horretarako, hautetsiak nabarmendu zuenez, "nazio erakundeak hainbat lan ildo jorratuko ditu, besteak beste, Euskal Herriko Eskubideen Karta sustatzea, Euskal Herriaren naziotasuna argazki oso baten bitartez ("Euskal Herria datuen talaiatik" liburuaren bitartez) irudikatzea eta euskal herritarrak euskal herritar gisa agerraraztea munduaren aurrean, beste bultzada bat emanez naziotasun aitormenari eta herritarren eskakizuna Giza Eskubideen Nazio Batuetako goi mandatariari helaraziz".

"Euskal Herrian mamitzen ari den egoera berria dela-eta, Udalbiltza ezinbesteko bitartekoa da, guztion artean sendotu beharrekoa. Alderdikeriez gaindi, herritarrak batera dinamizatu eta eragile bihurtu behar ditugu", esan zuen, eta, "ahaleginak batuz, aurten hartutako konpromisoan, guztion eskubideen bermean eta nazio eraikuntzan aurrera" egin daitekeela.

"Egiteko asko dago"

Prentsaurrekoaren beste atal batean, Etcheparek atzera so egin eta adierazi zuen "2005eko Aberri Egunetik lan handia" egin bada ere, "egiteko asko" dagoela oraindik ere. Alde horretatik, esan zuen "aurtengo lana bi elementu nagusik markatu" dutela: "Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren alorrean, Nazio Planak eta, gatazka konpontzeko alorrean, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoak".

Hain zuzen ere, "Nazio Plana hainbat gizarte eragilek hitzartutako plana da, eta dinamizatzaile lana Nazio Garapenerako Biltzarrak egiten du. Bestalde, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa 55 eragilek hitzartu dute, prozesua bideratzeko konpromisoa hartu dutenek. Lan hori nabarmengarria da, eta ETAk berriki hartutako erabakiaz baliatu behar dugu, ildo honetan arduraz eta heldutasunez aurrera egiteko".

Orobat, Etcheparek esan zuen bi alor horietan sortutako bitartekoak (Nazio Garapenerako Biltzarra eta Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa) "Nazio Eztabaidagunearen fruitua" direla eta, hain zuzen, Nazio Eztabaidagunea "Udalbiltzak bultzatu" zuela, 2003. urtean. "Bistan dago egiteko asko dagoela oraindik, eta Udalbiltzak egoera berrira moldatu behar du; eragile berriekiko elkarlana sustatu behar du, sortu zenean, orain sei urte onartutako bost printzipioek ardazten duten filosofia berreskuratuz: Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea, Euskal Herria lurraldetasuna errespetatuz eraikitzea, udalen arteko elkarlana bideratzea, nazio eraikuntza sustatzea eta Euskal Herria Europaren eta munduaren aurrean agerraraztea", laburbildu zuen.