Udalbiltzak Aberri Eguna batera ospatzera deitu du euskal diaspora (2006-04-12)[ alorrak: Aberri eguna ]
"Aro berri baten atarian, eskubide guztiak, euskal herritar ororentzat, Euskal Herri osoan". Lelo hori duen deialdia egin dio Udalbiltzak euskal diasporari, baterako ekimenak antola ditzan aurtengo Aberri Egunean. Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrak egindako deialdiak nabarmendu duenez, "konpromisoa finkatu eta lankidetza babesteko garaia heldu da euskal herritarren eskubideen esparruan". Hori dela-eta, prozesu horrekin bat egitera deitu ditu zortzigarren herrialdeko euskaldunak. "Bidea urratuta dago jadanik, baina egiteke dago oraindik", erantsi du. Ondorioz, "oraindik ere lan handia dago egiteke euskal gizarteko sentsibilitate guztiekin, urteetan egindako zuloak itxi eta elkarrekiko konfiantzan sakontzearren".
Udalbiltzak mundu osoan barrena sakabanatutako euskal herritarrei egindako deialdiak aurrekari esanguratsua izan zuen iaz, EAJko, EAko eta ezker abertzaleko gazte elkarte bateko ordezkariek bere egin baitzuten Udalbiltzak 2005eko Aberri Egunerako egin erakunde adierazpena. Era berean, Celayako (Mexikoko) Arrano Beltza elkartea ere Udalbiltzaren oharrari atxiki zitzaion, eta Euskal Diaspora Nazioarteko Elkarteak, berriz, lan handia egin zuen adierazpena hogei bat herrialdetako euskal herritarren artean zabaltzen. Aurtengo deialdia "aro berri baten atarian" jazo da, atzerrian bizi diren euskaldunen eta haien ondokoei idatzitako testuaren izenburuak dioenez. "Udalbiltzak uste du 2006ko udaberria euskal herritarren aldeko konpromiso irmoa hartzeko sasoia dela, ETA erakundeak azken egunotan egindako iragarpenak aukeraz beteriko aroa abiatu duelako. Hala ere, aro itxaropentsua abiatu den arren, nazio erakundeak zuhurtasunez jokatzeko deia egin nahi du", zehaztu du. Atzera begira, gogorarazi du nabarmentzekoa dela "1999. urteaz geroztik, Udalbiltza sortu zenetik, Euskal Herriko esparru politikoa nabarmen" aldatu dela, "hala gure herriaren berreraikuntzari, nola gatazka konpontzeari dagokionez". Aurrerapen handia izan dela badio ere, zalantzarik gabe, "oraindik ere egiteko asko" dagoela nabarmendu du eta, hori dela-eta, Udalbiltzaren ustez, "berebiziko garrantziko une historiko honetan, eragile bakoitzak konpromisoak hartuz erakutsi behar du bere heldutasuna eta erantzukizuna". Nazio erakundeak uste du "konpromisoa finkatu eta lankidetza babesteko garaia" dela euskal herritarren eskubideen esparruan: "Gatazka konpon lezakeen prozesuaren beharrezko baldintzak eta lehenengo urratsak sortzen ari diren honetan, hona hemen nazio erakundearen aldarrikapena: eskubide guztiak, euskal herritar ororentzat, Euskal Herri osoan. Horixe da Udalbiltzaren ekarpena, eta horixe da gatazka behin betiko konpontzeko gakoa". Aurtengo Aberri Egunaren bezperan, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrak nabarmendu du delako konpromisoa hartzeko prest dagoela, "sortutako eragile berriekin batera, lehentasunezko esparrua berreskuratzearren". "Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen aldeko lana dago esparru horren oinarrian, eta lan horretan murgildu da nazio erakundea, herritartasunerako eskubidea euskal herritarren berezko eskubidea dela aldarrikatuz eta eskubide hori gauzatuz", adierazi du. Diasporarentzat egindako oharraren beste pasarte batean, Udalbiltzak nabarmendu du, Euskal Herri osoko hautetsiak biltzen dituen erakundea den aldetik, "Nazio Eztabaidagunea Aberri Egun baterako eta duin baten alde egiten ari den ahaleginekin bat egin" duela, eta "bere egin" duela "asmo eta ideia hori, Udalbiltzak azken urteotan sustatu duen elkarlanaren aldeko printzipioetan eta filosofian oinarritzen delako". Egun honetako ekimenak ahalik eta baterakoenak izate aldera, Aberri Egun hori Euskal Herri osoko udaletara "eramateko lan egiten ari dela nabarmendu eta aparteko deia egin dio diasporari, euskal herritar guztien eguna euskal erkidegoetan, batera eta askotariko ekitaldien bitartez" ospa dezan. "Aro berriak ahalegina eta konpromisoa behar du", erantsi du Udalbiltzak. |