2006ko Aberri Eguna: "Euskal herria, Nazioa. Euskal Herritarren eskubideen aldeko konpromiso sendoa" (2006-04-16)

[ alorrak: Aberri eguna ]

2006ko Aberri Eguna: "Euskal herria, Nazioa. Euskal Herritarren eskubideen aldeko konpromiso sendoa"
Distantzia pixka bat hartu eta egunerokotasunaren zurrunbilotik at, Aberri Egunetik Aberri Egunera aurreratutakoa edo atzeratutakoa ederki neur daiteke. Oraindik asko badugu ere egiteke, nabaria da herri honek egin duen lan luze eta eskerga fruituak ematen ari dela, bai nazio eraikuntzari dagokionez, bai gatazka konpontzeari dagokionez.
Eraikuntzaren alorrean, Nazio Eztabaidagunea gauzatu egin da. Nazio Planaren bidez, ehunka eragile sozialek euren lehentasunezko egitasmoak hitzartu dituzte eta, hori guztia dinamizatze aldera, Nazio Garapenerako Biltzarra jarri da abian. Gatazka konpontzeari dagokionez, berriz, zioak definitzeak, konponbide demokratikorako prozedurak zirriborratu izanak eta herritarrei hitza emateko konpromisoak prozesuari bide eman liezaiokete. Alde horretatik, 55 eragile adosturiko Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa eta, ondorioz, Konponbidearen Mahaia osatu nahian, atxikimenduak gehitu eta printzipioak zabaltzeko sortu den dinamika sozial arrakastatsua kontuan hartu beharreko abiapuntuak iruditzen zaizkigu.
Guztion artean, sortzen ari diren aukerak baliatzen asmatu behar dugu orain. Arduraz jokatzeko unea da eta, ETA erakundeak egin duen bezala, beste eragileok ere maila ematen jakin behar dugu, abiatzen ari den esparru berrian. Heldutasun nahikoa lortu dugu eta, orain, prozesuaren abiapuntuan gauden honetan, berau demokratikoki gainditzeko ibilbidea jorratzea dagokigu.

Ziur asko, bidea ez da erraza izango, bizi dugun gatazkak sustrai sakonak baititu, baina izaera politiko historiko duen nazioarteko gatazka hau behin betiko gainditu ahal izateko baldintzak sortzen ari dira. Gatazkaren abiapuntua ez dago aurreko mendean bilatzerik, ETA jaiotzean, ezta XIX. mendean ere, abertzaletasun klasikoa sortu zenean. Aitzitik, gaur egun Europar Batasuneko kide diren bi estaturen eta estaturik gabeko nazio baten arteko mendeetako gatazka dela ondoriozta dezakegu. Hain zuzen ere, herri hau, oro har, eta herri hau osatzen duten herritarrak eskubideen jabe ez izatea da gatazkaren gakoa.
Horrexegatik diogu, antzeko gatazkak gainditzeko balio izan duten konponbideak Euskal Herrian ere aplikatu behar direla, eta indarrean dagoen esparru juridiko-politikoak ezin duela ezin gaindituzko mugarik izan. Azken batean, ez dago gatazka behin betiko gainditutzat ematerik Euskal Herri osoan euskal herritar orori eskubide guztiak aitortu eta gauzatzeko aukerak bermatzen ez zaizkion bitartean. Orain, baina, sekula baino aukera handiagoa dugu helburu hori eskuratzeko.
Udalbiltzak 2003. urtean abian jarritako ekimenak lagungarri izan dira egungo egoerara iristeko. Ziklo bat amaitu ondoren, beste bat hasteko unea da. Orain abian dagoen egoera berrira egokituz, sortutako eragile berriekin elkarlanean, Udalbiltzak bere burua egokitu behar du eta Euskalduna Jauregian onartutako bost printzipioek ardazten duten filosofia berreskuratu: Euskal Herriaren nazio aitortza politikoa aldarrikatzea, bere egitura politikoa lurraldetasuna errespetatuz eraikitzea, nazio eraikuntza bultzatzea, udalen arteko elkarlana alorrez alor sustatzea eta, azkenik, Euskal Herria Europako prozesuan eta munduko plazan agerraraztea.
Gaur, 2006ko Aberri Egunean, gatazka konpondu ahal duen prozesuaren baldintzak sortzen ari garen une garrantzitsu honetan, Udalbiltzak bere ekarpena eta konpromisoa plazaratu ditu, eta eskubide guztiak euskal herritar orori Euskal Herri osoan aitor dakizkion aldarrikatuko du, “eskubide guztiek‿, “Euskal Herriak‿ eta "euskal herritar orok" osatzen baitute behin betiko konponbidearen gakoa.
Lehenbiziko elementua, "eskubide guztiak", Euskal Herriaren Eskubideen Kartaren bidez irudikatu dugu; hain zuzen ere, Euskal Herriaren Eskubideen Karta nazioarteko itunetan ageri diren eta Euskal Herriko errealitatera moldatu ditugun eskubideen bilduma da.
Egun, Euskal Herriaren Karta berreskuratu eta gutunaren edukia jendarteratzeaz gain, Nazio Eztabaidagunearen eskakizuna bete nahian, euskal herritarrek pairatzen dituzten eskubide urratzeak bilduko dituen txostena prestatzen ari da Udalbiltza, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak, Nazio Eztabaidaguneak eta gizarteak, oro har, euskal herritarrek pairatzen dituzten eskubide urratzeen berri izan dezaten.
Bigarren elementua "Euskal Herria" da eta, mendeetako desitxuratzea gainditze aldera, "Euskal Herria Datuen Talaiatik 2006" liburuaren bidez adierazi dugu, Euskal Herriaren naziotasuna bere osotasunean irudikatzeko. Nazio eraikuntzarako tresna da; politikak, ekintzak eta lehentasunak finkatzeko lanabesa; eta Euskal Herriaren subjektutasun kolektiboa modu objektiboan hartu eta berremateko ekarpena. Euskal Herriaren lekukotasunaren isla da: hiru milioi herritar, 685 udalerri, zazpi herrialde, nazio bat.

Hiru elementuko multzo honetako hirugarrena "euskal herritarrak" dira. Azken batean, ez dago euskal herritarrik gabeko Euskal Herririk. Euskal herritarrak munduaren aurrean agerrarazteko, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena jarri zuen abian 2001. urtean eta, orain, ekimen hori bultzatu eta Giza Eskubideen Nazio Batuetako goi mandatariari naziotasuna errespetatzeko milaka eskakizun ofizial bidali nahi dizkiogu.

Hori guztia kontuan hartuz, 2006ko Aberri Egunean, honako
ALDARRIKAPEN hau jakinarazi nahi du Udalbiltzak:

a) Une politiko berezian gaude. Gaur, Udalbiltzaren sorreratik sei urte luze igaro diren honetan, Euskal Herriak bere buruaren jabe izan gabe jarraitzen du, baina itxaropenerako leihoa irekitzen ari da. Aukerak erabiltzeko unean gaude eta guztion ekarpena bideratzen ahalegindu behar dugu alderdi politikoek, eragile sozial eta sindikalek, norberak eta baita erakundeek ere. Alde horretatik, Udalbiltza, mendeetako muga inposizioen gainetik, zazpi herrialdeetan sustraituta dagoen Euskal Herriko erakunde bakarra da, eta dagokion toki politikoa berreskuratzen hasi da. Bere burua berrantolatzeko eta Euskal Herriaren aldeko lana biderkatzeko asmoa du, Euskal Herriak Udalbiltza behar baitu une honetan, eta Udalbiltza Euskal Herriari bere ekarpena egiten jarraitzeko prest baitago. Izan ere, aldaketa egin nahi du lan dinamikan, euskal herritarrengana iristeko.

b) Politika hitz handiz egiteko garai honetan, Euskal Herriko hiru milioi herritarrek 685 udalerrietan hautatu dituzten 6.756 udal hautetsien nazio gunea izan nahi du Udalbiltzak, hautetsi guztien indarra batu, biderkatu eta bideratu ahal duena; estatuetako muga artifizial guztien gainetik, elkarlanerako nazio eremu demokratikoa izan nahi du, abiatzen ari den prozesuko eragile aktiboa hain zuzen ere. Udal hautetsiak tokiko ordezkariak badira ere, guztiek batera Euskal Herriaren ordezkaritza osatzen dute, hau da, herri honen borondatearen adierazpen zuzena, prozesua sendotzeko tresna eta herritar guztioi galdetzeko eskubidearen bermea.
Izan ere, herri honetan abiatzen ari den prozesua herrialdez herrialde, eskualdez eskualde, herriz herri, inolako bazterketarik gabe gauzatu behar da, Euskal Herri osoan. Prozesuak zentzurik izango badu, Euskal Herria bere osotasunean hartuta eta eragile guztien parte hartzeaz izan behar du. Horixe izan da Udalbiltzaren jokamoldearen iparra orain artean eta, hemendik aurrera, zer esanik ez: gure herriaren etorkizuna ezin da ikuspegi alderdikoi eta partzialetatik eraiki. Azken hamarkadetako ibilbidean horretaz jabetzeko aukera izan dugu eta, beraz, etorkizuna Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuta eraikitzeko garaia heldu da.
Horretarako, Udalbiltzaren berrantolaketa bultzatzeko garaia da, Nazio Eztabaidaguneak ezarritako baldintzen arabera: Euskalduna Jauregian onartutako bost printzipioak, Eskubideen Karta eta herritarrek emaniko botoak errespetatzea dira zutabeak. Badakigu, orain arte bezala, ez dela bide erraza izango, baina jakin badakigu elkarlanerako prest dauden udal hautetsiak daudela herrietan, eta prest gaude alderdikeriak gainditu eta udal hautetsi guztien gunea berrosatzeko urratsak emateko.

c) Udalbiltzak bere gain hartu du dagokion ardura: euskal herritarren eskubideen aldeko konpromiso sendoa, hain zuzen ere. Gainerako erakundeak eta eragile politikoak, sozialak eta sindikalak dituzten bitartekoak prozesuaren mesederako erabiltzera gonbidatu nahi ditu, eta une politikoa aprobetxatzeko deia egin nahi diegu.

Azkenik, konpromiso garaia guztioi heldu zaigulakoan, alderdi anitzeko deiaz bukatu nahi dugu erakunde ebazpena:
1. Euskal herritarrei, une garrantzitsu honetan, jarritako oztopo guztien gainetik, bai Euskal Herria eraikitzen, baita pairatzen dugun gatazka politikoa era demokratikoan gainditzeko ere abiatzen ari den dinamikan murgiltzeko deia egin nahi diegu.

2. Euskal Herriko eragile politikoei, sozialei eta sindikalei eta erakundeetan dihardutenei, bidegurutze honetan, duten arduraz jabetzeko, eta alderdikeriak baztertu eta herri gisa, Euskal Herri osoari begira jokatzeko deia egin nahi diegu.

3. Herri gisa zein euskal herritar gisa dagozkigun eskubideak urratzen dituzten bi estatuei Euskal Herria eskubide politikoak dituen subjektu gisa aitortu eta errespetatzeko deia egin nahi diegu.

4. Munduko eta, batez ere, Europako gainerako nazioei eta estatuei hemengo prozesu politikoa lagundu eta sustatzeko deia egin nahi diegu, nazioarteko eskubideen inguruko itunetan bildu diren eskubideak euskal herritarrei aitortu eta berma dakizkien defendatuz.

Euskal Herrian, 2006ko apirilaren 16an