Udalbiltzaren hausnarketa Nafarroaren Egunaren karian (2006-04-28)[ alorrak: Udalbiltza ]
"Aberri egunaren arrakasta ondoren, Nafarroaz ireki den eztabaida, gure herria eta gure herritarren eskubideen alde jarraitzeko parada ematen digu aurtengo Nafarroaren egunak. Euskal Herriaren burujabetza historikoa eta prozesuan parte hartzeko herritar guztiek dute eskubidea adierazten du Nafarroak. Ustezko arazo izatetik konponbidearen benetako gako izatera pasa behar du behin betiko konponbidea eskuratu nahi badugu".
Aberri eguna igaro eta 15 egunetara dator Nafarroaren eguna. Udalbiltzarentzat oso data seinalatuak eta guztiz osagarriak izan dira beti biak baina are gehiago bizitzen ari garen ingurumen berezi honetan. Horregatik, euskal herritar guztiei igande honetan Baigorrira joateko deialdia luzatzeaz gain, Aberri egunean izaniko ekitaldiez, bizi ari garen uneaz eta Nafarroaren garrantziaz Udalbiltzak egin duen hausnarketa plazaratzea deliberatu du. Izaera politiko historiko eta nazioartekoa duen gatazka gainditu dezakeen prozesuaren abiapuntuan egonik, eskubideen karta eskuan, Udalbiltzak euskal herritarren eskubideen aldeko konpromiso hartu zuen 2006ko Aberri egunean. Zazpi herrialdeetan izaniko ia ehun ekitaldietan, parte hartu duten 8 mila bat herritarrek gehi Anaitasuna kiroldegia bete egin zuten beste 4 mila lagunek izan dira horren lekukoak. Aberri egunean herritar gehien bildu duen eragilea izan da Udalbiltza eta gure herria eta gure herritarren aitortza politikoaren alde piztu nahi dugun dinamikarako oso abiapuntu ona izan da. Herri askotan sentsibilitate ezberdineko hautetsien artean lorturiko elkarlanak itxaropentsua izateko argudioak eman dizkigu eta Nazio Garapenerako Biltzarrak proposatu zuen Aberri Egun duin eta bateratua lortzeko beharra azpimarratzeaz gain, xede horretako gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Euskal herritarren eskubideen alde hasitako bide horri, Nafarroaren egunean segida ematea egokia iruditzen zaigu. Nafarroa Euskal Herriaren nazioarteko aitortza politikoaren adierazpena da. Amatasun liriko edo bihotz malenkoniatsu baino, gatazkaren gakoa da: burujabetza eta lurraldetasunaren isla argia, hain zuzen. Azken egunetan sortzen ari den eztabaida beroa eta Nafarroa prozesutik at usteko agertzen ari diren interes handiek Nafarroaren garrantzi politikoa azpimarratzen du. Honen aurrean, Udalbiltzak zera argi eta garbi adierazi nahi du: Espainiako zein Frantziako gobernuen interesen arabera prozesuaren ibilbide, egutegia eta eztabaidagaiak zehaztea ez da onargarria. Demokratikoa izateko, euskal herritar guztiek prozesuan parte hartzeko eskubidea bermaturik izan behar dute eta beraiei soilik dagokie arauak eta edukiak finkatzea beti ere, inolako bazterketarik gabe ez ideologiko ez lurralde aldetik ere. Nafarroa ezin da inolaz ere trukerako txanpon bat izan. Nafarroak Euskal Herriaren etorkizun politikoan dagokion protagonismo berreskuratu behar du, herri honen subiranotasunaren aitortza historikoaren adierazpena den neurrian; eta hori gogoratzeko, Nafarroaren eguna oso data egokia da. Nafarroa Garaia eta Nafarroa Behereko Nafarroaren eguna, Espainiako erresuma eta Frantziako errepublikaren aurrean. Intentsitate ezberdinekin bada ere, indarrean dagoen markoaren desegokitasuna hizpide da Euskal Herri osoan eta bereziki bi Nafarroetan aurtengo Nafarroaren egunaren bezperetan. Egun, Baigorrin bertan, duela 200 urte Nafarroaren ezabatze politikoak sortu zuen egoerarekin amaitzeko eta Frantziako estatuak Euskal Herriko lurraldetasuna eta izaera instituzionala aitor ditzan sinadura bilketa erraldoia hasi dira burutzen. Bestetik, bistan da Madrilen zein Iruñean Nafarroaren etorkizuna estatu auzia bilakatu dela berriro ere. Bakea eta demokrazia Euskal Herrira irizteke daude. Prozesuaren arrakastaren ondorioa izan daitezke ordea. Horregatik, prozesua abiatzen ari den honetan indarrean dagoen marko juridikoari faltatzen zaion zilegitasun demokratikoa ezin zaio oparitu eta gure herriaren eskubideak ukatzen dituzten estatuei ezin zaie epaile lana eskaini. Irekitzen ari den prozesu politikoan behin betiko konponbidea eskuratu nahi badugu, ustezko arazo izatetik konponbidearen benetako gakoa izatera pasa behar du Nafarroa. 1839-41, 1931-32 eta 1978-82ko bezalako beste sasi irtenbide, iruzur eta herritarrei bizkarra ematerik ez dute tokirik. UDALBILTZAREN PRENTSA BULEGOA Euskal Herrian, 2006ko apirilaren 28 |