...

Udalbiltza logoa


Jardunaldiak

Iragarkia

Zeintzuk dira, derrigorrezko hezkuntza bukatzean, Euskal Herriko ikastetxe batean ikasten ari den 16 urteko gazteak, gutxienez ezagutu behar dituen kontzeptuak, lortu behar dituen trebetasunak eta bereganatu behar dituen baloreak?

Orain arte euskaldunok, ez dugu galdera horrekiko erantzun bateraturik eman. Badira curriculumaren ildoan lan eskerga egin duten irakasle, guraso, ikastetxe eta argitaletxeak, baina ez dago Euskal Herri osoko ikastetxeetarako baliagarria litzatekeen erreferentzia pedagogiko komunik. Ez dago Euskal Curriculumik.

Euskal Curriculuma sortzea funtsezko erronka da. Izan ere, hizkuntzarekin batera, curriculuma da hezkuntza sistema bat definitzen duen elementu garrantzitsuena. Eta horregatik, Euskal Curriculuma sortu eta aplikatzea hezkuntza sistema nazionala eskuratzeko igo behar dugun eskaileraren hurrengo maila da.

Euskal Curriculuma osatzeko prozesua abian da. Udalbiltzak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta sare publikoko Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak abian jarri zuten prozesu hori, orain dela bi urte. Orduz geroztik, hainbat lan egin dira, eta beste zenbait eragile eta instituzio, besteak beste EAEko Hezkuntza Saila, Euskal Curriculumaren sorreran ekarpena egiteko prest azaldu dira, gai hau hartzen ari den garrantziaren erakusgarri.

Euskal Curriculuma osatzeko, hezkuntza arloko eztabaidaz gain, eztabaida soziala ere beharrezkoa da. Izan ere, lehen aipatutako galderaren eskutik, hausnarketa sakona eskatzen duten honako beste galdera hauek datoz: Zer nolako pertsonak hezitu nahi ditugu Euskal Herrian? Zer nolako jendartea sortu nahi dugu etorkizunera begira?

Funtsezkoak diren galdera horien inguruan hausnartzeko asmoz, Udalbiltzak jardunaldi publikoak antolatu ditu, eta horietan parte hartzeko deia luzatzen die herritar guztiei.

inprimatzeko bertsioa | hasi saioa edo harpidetu iruzkinak bidaltzeko