UDALBILTZAren definizioa
UDALBILTZA Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra da, udalez eta udal hautetsiz osaturiko Euskal Herriko nazio erakundea. 1999ko irailaren 18an, Bilboko Euskalduna Jauregian, zazpi lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsik sortu zuten, azken mendeetan nazio erakunderik ez izateak Euskal Herrian sortu duen desitxuratze instituzionalari aurre egitearren.
UDALBILTZAren printzipioak eta helburuak
1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.
2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.
3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.
4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.
5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.
UDALBILTZAREN funtzionamoldea
UDALBILTZA udalez eta udal hautetsiz osaturiko nazio erakundea izanik, udalen eta udal hautetsien atxikimendu libre eta demokratikoan oinarritzen da. Erlijioan, sexuan, ideologian edo bestelako ezaugarrietan oinarritutako eragozpenik gabe, herritarrek Euskal Herriko 685 udalerrietan hautatu dituzten udal hautetsiek dute parte hartzeko eskubidea, Euskal Herriari inposatu zaizkion muga juridikoen, politikoen eta administratiboen gainetik. Azken urteetan hainbat dinamikatan aritu den arren, UDALBILTZA erakunde bakana da.
UDALBILTZAko erabakigunerik gorena Batzar Nagusia da. Hori dela-eta, Euskal Herriko udal hautetsi guztiek deituak izateko eta parte hartzeko eskubidea dute. Urteko plangintza, aurreko urteko balantzea, ekimen nagusiak eta UDALBILTZAren eguneroko jarduera koordinatzen duen Batzorde Eragilearen osaera erabakitzen dute Batzar Nagusira joaten diren udal hautetsiek.