NAZIO GISA ARITZEKO GARAIA DA; ABERRI EGUNETIK HASIZ, EKIN DIEZAIOGUN ELKARREKIN[ categories: jarduna ]
Apirilaren 8a Aberri Eguna da, data esanguratsua Euskal Herriko nazio egutegian. Udalbiltzaren aburuz, sarritan adierazi dugunez, Aberri Eguna Euskal Herriaren eguna eta euskal herritarren eguna da; ez, ordea, askotan iruditu arren, alderdien eguna. Egun, Euskal Herria estaturik gabeko nazioa da. Frantziako zein Espainiako estatuek nazio gisa ukatzen gaituzte. eta, ondorioz, euskal herritarrok ez gara nazioarteko itunetan finkatu diren eskubideen jabe.
Hori horrela bada ere, ezin ukatuzkoa da euskal herritarrok ere banantzeko joera izan dugula askotan. Joera hori gainditzen hasteko garaia heldu zaigu. Aro berri bat hasten ari dela antzematen da, eta inoiz baino garrantzitsuago da nazio gisa agertzea, bai zapaltzen gaituzten bi estatuen aurrean, baita Europaren eta munduaren aitzinean ere. Euskal Herria, inposaturiko mugen gainetik: hiru milioi herritar, 685 udalerri, zazpi herrialde. Bere buruaren jabe izan nahi duen nazioa. Aberri Eguna batera antolatzeko ahalegin ugari egin dira 1931. urtetik. Gogoangarriak dira Franco altxatu aurreko lehenbiziko egunak, Franco hil ondorengoak eta azken urteetakoak, Udalbiltzak antolatu dituenak. Bereziki nabarmengarria da 1999. eta 2000. urteetan ehunka herritan izan arrakasta. Zorionez, dozenaka herrik joera horri eutsi diote, eta eredua diasporara ere hedatu da azken urteotan, arrakasta handiz. Une berezi batean gaude. Gatazka behin betiko demokratikoki konpontzeko ganorazko aukera dago. 2007ko Aberri Egunetik 2008ko Aberri Egunera bitartean hauteskundeak egingo dira Euskal Herriko udalerri guztietan. Hautagaiek Udalbiltzarekiko konpromisoa adieraziz gero, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeok, lehenik, nazio hau demokratikoki antolatzen hasteko aukera ezin hobea dugu, eta kanpotik sufragio unibertsalaren aurka ezarritako bazterketa gainditzekoa; azken batean, euskal herritarren hitza adierazi eta errespetaraztekoa. Horregatik, aurreko urteetan egin dugun bezala, baina une honetan behar bezainbateko grinaz, zazpi herrialdeetan presente dagoen nazio erakunde bakarra izanik, Euskal Herriko eragile sozialak, politikoak eta sindikalak, herritar xumeak eta euskal diaspora osatzen duten lagun guztiak deitu nahi ditugu: Nazio gisa jokatzeko garaia da. Aberri Egunean bertan hasita, ekin diezaiogun elkarrekin! |