“Diasporan bizi garenok gatazkaren parte gara, eta konponbidearen parte ere izan behar dugu”[ categories: jarduna ]
Mariana Fernández EHNA proiektuaren Argentinarako eta Uruguairako arduradun eta zortzigarren herrialdeko kide aktiboa Euskal Herrian izan zen duela zenbait aste, Iparra-Hegoa Fundazioaren gonbitari esker. Argentinan berriro ere, Marianak dio euskal diasporak eginkizun handia bete behar duela gatazka politikoa demokratikoki konpontzeko. Izan ere, diaspora gatazkaren parte dela uste du, eta, hori dela-eta, konponbidearen parte ere izan behar duela.
Duela zenbait aste Euskal Herrian izan zinen. Zer iruditu zitzaizun? Baziren hamabi urte ez nintzela Euskal Herrian. Garrantzitsua deritzot hori nabarmentzeari, Euskal Herria ezagutu egiten badut eta Euskal Herriarekin etengabeko harremanetan banago ere, denbora luzea igaro delako. Hogei egunetan hitzaldiak emateko eta, halaber, jende asko ezagutzeko parada izan nuen, baita hainbat erakunderekin harremanetan jartzeko ere. Benetako egoera eta Euskal Herrian egiten ari den lan handia ikusirik, Argentinan nuenaz bestelako irudipena dut egun. Lehenik eta behin, Euskal Herriaren egoera ez zitzaidan erraza iruditu: muga asko ezartzen zaizkie euskal herritarrei, oro har, eta, bereziki, euskal herritarren eta Euskal Herriaren giza eskubideen alde eta beste alor zail batzuetan lan egiten dutenei. Hala ere, Euskal Herriaren eraikuntzan eta gatazka konpontzeko ausarki lan egiten jarraituko duen herri batekin topo egin nuen. Hori dela-eta, azkenean iruditu zitzaidan, batez ere, itxaropena dela nagusi, eta jendeak itxaropena izaten jarraitzen duela. Oso sentipen positiboa da hori. Zer egin dezake diasporak gatazka konpontzeko? Diasporako kide batzuek uste dugu zortzigarren herrialdea osatzen dugunok gatazka konpontzeko lan egin behar dugula; izan ere, esan liteke gatazkaren parte garela. Nabarmendu beharra dago gure arbasoak lurralde hauetara etorri izateko arrazoia, neurri batean edo bestean, Euskal Herriaren historian jazo den gatazka luzea izan zela; horregatik emigratu zutela. Hori dela-eta, Euskal Herriaren historian sakondu ahala, norberaren historia Euskal Herriaren historiarekin lotuta dagoela ikusten da. Bestalde, Euskal Herriak bizi izan dituen eta oraindik ere bizi dituen egoera asko eta asko hurbilekoak zaizkigu, Argentinan ere bizi izan ditugulako. Horregatik guztiagatik, gatazkarekin bitara lotuta gaudelako, geure ikuskera propioa dugu gatazkaren inguruan. Nire ustez, gogoeta elkarrekin egitea eta hausnarketa proposamen konkretu bihurtzea izan liteke gure ekarpena. Zein izan litezke bideak diasporak prozesuari buruzko kezkak eta iritziak bideratzeko? Erakundeen babesa lortu nahi izan dugu orain arte, bai erakunde legegileena eta bai betearazleena, eta baita giza eskubideen alorrean jarduten diren erakundeena. Halako babesak zenbaterainoko garrantzia duen jakin arren, baina, uste dut euskal diaspora osatzen dugunok areago esku hartu beharko genukeela, konpromiso handiagoa hartu beharko genukeela geure gain. Gure konpromisoa areagotzeko bide bat izan liteke unean uneko gaiak eztabaidatzeko bilguneak sortzea eta Euskal Herriarekin harreman handiagoa izan eta Euskal Herria hobeto ezagutzea. Ildo horretan, oso ekarpen interesgarria da irratsaioen bidez Euskal Herriaren egoeraren berri zabaltzea; horixe egiten ari da Orain Euskal Herria programa, Montevideon (Uruguain). Izan ere, Argentinak ezer gutxi daki gaur egun Euskal Herriari buruz, eta uste dut diasporaren erantzukizuna dela Euskal Herriari buruzko ezagutza gero eta sakonagoa izatea. Zer dakar Euskal Herritik milaka kilometrora euskal herritar izateak? Oso zaila da erantzutea, nire ustez, norberaren esperientziarekin lotuta dagoelako. Euskal Herrian jaiotakoen ondorengo argentinar gehienok hazi gara argi izanik, espazioan urrun dagoela iruditu arren, lurralde honetan errotu zen eta lurralde honetan bizitzen jarraitu zuen herri baten parte garela. Ildo horretan, euskal herritarrei kolla herriaren esaera zaharrak dioena aplikatzen zaie: “Gizakia ibili egiten den lurra da”. Hau da, hona etorri zen euskal herritar bakoitzak Euskal Herria ekarri zuen berarekin, Euskal Herriaren muina. Gaur egun, EHNA proiektuaren Argentinarako eta Uruguairako koordinatzailea zara. Zer-nolako eragina izan du ekimen honek bi herrialdeotan? Euskal Herrian jaiotakoek eta haien ondorengoek harrera ezin hobea egin diote EHNA proiektuari Argentinan eta Uruguain. 2005eko azarotik, bideratu diren adierazpenen eta EHNA bideratzeko bulegoen kopurua handitu egin da pixkana-pixkana. Gainera, dagoeneko ez dute Uruguain eta Argentinan bakarrik galdetzen nola eskura daitekeen EHNA eta etorkizunean zer hiritan eskuratu ahal izango den; aitzitik, Ameriketako beste leku batzuetan ere galdetzen dute. Azkenik, nabarmentzekoa da bideratu duten edo nola bideratu behar den galdetzen duten gehienek oso argi dutela gauza bat: Euskal Herriko Naziotasun Adierazpena egitea Euskal Herriaren eskubideak ezagutzen eta herri hau eraikitzen laguntzeko bide bat da. Hartara, EHNA Euskal Herrian parte hartzeko eta Euskal Herriarekiko konpromisoa gauzatzeko modu bat da; diasporan bizi garenok apenas izan dugu halakorik orain arte, eta EHNAk gure nahiari erantzuten dio. |