Larunbatean ospatu da Naziotasun Eguna Laudion: “Geroa eraiki Euskal Herriari!” (2007-06-03)[ categories: Udalbiltza ]
Atzo, Laudion ospatu zen 2007ko Naziotasun Eguna. Hau izan zen Bai Euskal Herriari-ren agerraldia:
“XXI. mendera iritsi den Europako herri eta naziorik zaharrena osatzen dugu, lehian, egunerokotasunean borrokan, gure etorkizuna gure eskuetan izateko asmoz, euskal herritar guztion geroa eta Euskal Herriaren etorkizuna eraiki nahi ditugulako. Esparruz esparru, Euskal Herria eraikitzen ari gara, Euskal Herria nazioartean ordezkatuz; gure seme-alabek ikastetxeetan ikasi beharrekoa zehaztuz eta garatuz – Euskal Herria aintzakotzat hartzen duen curriculuma osatzen ari gara–; oztopo guztiak gorabehera, euskarari ateak irekiz; inposaturiko jai egunez harago, euskal egutegi propioa aldarrikatuz… Euskal herritarron eskubideak ez daude bermaturik egun, naziotasun arrotzak inposatu zaizkigu, euskaldunek ez dituzte bermaturik hizkuntz eskubideak ez Bastidan, ez Maulen, ez Tafallan, ez Orexan. Ezin dugu garatu gure eredu politikoa eta ekonomikoa, ezin dugu berdintasunaren aldeko politika komuna jarri abian. Hots, ez digute uzten nazio gisa garatzen eta bizitzen. Are gehiago, nazioarteko adierazpenetan ageri diren eskubideak egunero bortxatzen eta urratzen dira Euskal Herrian. Duela astebete Espainiako gobernuak eta epaileek botoa libreki emateko eskubidea urratu zutela ikusi dugu. Hainbat herritako zerrendak legez kanpo utzi eta milaka eta milaka euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak ezabatzen saiatu dira. Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak sortu nahian dabiltza; zuriak eta beltzak; garbiak eta zikinak; legezkoak eta legez kanpokoak. BAI EUSKAL HERRIARIren izenean, garbi eta ozen esan nahi dugu: XXI. mendean, Euskal Herriak nazio zapaldu eta ukatua izaten jarraitzen du. Zatiketa politiko eta administratiboa, zatiketa judiziala eta lurralde zatiketa sufritzen ditugu. Horrela, nekez egin dezake aurrera herri batek. Guk, baina, AURRERA DOAN HERRIA izan nahi dugu, GEROA ERAIKI nahi dugu gure herriarentzat eta, horretarako, Euskal Herriaren etorkizunera daraman bidea ixten duen langa altxatu behar dugu guztion artean. Euskal herritar askoren lanari esker, geroa eraikitzen ari gara etengabe, aurrera egiten. Konpromisoa eta eguneroko lana dugu baliabide bakarra egungo erakundeek eta administrazioek jartzen dituzten oztopo eta traba guztiak gainditzeko, baina hainbat tresna ditugu jada gure herriari etorkizun oparoa emateko: gatazka konpontzeko proposamena, Nazio Garapenerako Biltzarra eta Udalbiltza, esate baterako. Gure herriak etorkizun duina merezi du. Ziur gaude besteren hankapetik altxatu eta etorkizuna askatasunez eta errespetuz erabaki behar dugula. Lehengo igandean, milaka herritarrek naziotasun eskubidea erabili genuen. Botoa emateko, EHNA izan genuen eskuan. Mehatxu eta oztopo guztiak gorabehera, EHNAz bozkatu genuen. Horrela egiten da herria, urrats praktikoak emanez, asmoak eta hitzak gauzatuz. “EHNA ERABILIZ, EUSKAL HERRIA ERAIKI”, leloa baino gehiago, aldarrikapena duzue. Une honetan parte hartzaile zuzen izatea dagokigu euskal herritarroi. Euskal Herriko Naziotasun Aitormenak, herritarron nahia eta borondatea agertzeaz gain, Euskal Herriaren naziotasuna eta aitortza burutzen ditu. Herritarron hitza eta erabakia erabiltzeko unea iritsi da. Egunero, modu praktikoan, Euskal Herriaren eskubideak irabazteko eta haiek errespetarazteko tresna da EHNA. Ekitaldi hau bukatzear dagoen arren, bideak jarraitu egiten du. Bide luze eta zabala izango da, nahiz eta batzuetan bihurgune eta estutasunak izango diren. Gaur hemen, Laudion egonda, euskaldunok gure naziotasuna defendatu dugu. Guk ez diogu inori esango zer eta nolakoa izan behar duen. Guk ez diogu inori gure naziotasuna inposatuko bortxaz edota indarrez. Guk, arbasoek bezala, MALATO zuhaitzak markatzen zuen mugaraino defendatuko dugu gure herria, baina ez gara urrutirago joango. Gure aberriarekiko maitasuna, nazio izateko hautua ezin da parekatu abertzalekeria erasokorrarekin. Herri ukatua, banatua eta okupatua garelako, eta gurea maite dugulako. Geure hizkuntza, kultura, ikurrak eta herria bera eraso egiten dituztelako, Euskal Herria nazio izatearen alde borrokatzen dugu, XXI. mendeko mapa soziopolitikoan Euskal Herriak dagokion tokia izan behar duelako. Beste mundu bat posible da, eta beste Euskal Herri bat ere posible egingo dugu! Denon artean lortuko dugu! Guztion konpromisoaz, aurrera goaz! Mila esker Laudiora etorri zareten guztioi, eta gogoan izan: nor garen azaltzeko eskatzen diguten bakoitzean, EHNA eskuan!”. |