Udalbiltzaren adierazpena Gasteizko eta Baionako emakume banaren erasoa eta hilketa direla eta (2007-06-04)[ categories: Udalbiltza ]
Honako mezu honen bidez, asteburu honetan Euskal Herrian, hain zuzen ere, Gasteizen eta Baionan emakumeen aurkako indarkeriaren adibiderik lazgarriena eta haien heriotza gertatu direla-eta, Udalbiltzak bi heriotza hauek gogor salatu eta honako hau adierazi nahi du. Asteburu bakar batean bi hilketa gertatu dira emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz eta egunez egun beste adibide batzuk ikusten ditugu. Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko datuek egoera gordinean gaudela erakusten digute, egunez egun larritu egiten ari den egoeran. Gisa honetako hilketek egoera zein larria den mahai gainean jartzen dute. Indarkeriaren biktimak ez dira bakanak eta ustekabekoak, gizartearen antolaketa hierarkikoaren ondorio zuzena baizik, egiturazko egoeraren ondorio. Guztiok dugu zereginik horri guztiari aurre egiteko; horrelako gertaerak jazotzen direnean, ezin diegu bizkarra eman. Guztiok erasoak gaitzestea garrantzitsua dela deritzogu, salatzeko mobilizazioetan parte hartuz, besteak beste. Gasteizko emakumearen hilketa eta gero erakundeek esandakoak zer pentsatua eman digute. Gertaera larriari aurre egin eta erantzukizunez eta ardura politikoz jokatu beharrean, erantzukizuna lotsagabeki saihestu eta arazoa emakumearen bizkar utzi dute, eta horrek guztiak erakunde horiek berak egoera larria luzatzeko tresna mingarriak besterik ez direla erakusten digu. Erakundeen erantzukizuna eta egoera honetan beharrezkoa den moduan jokatzea ezinbestekoa da, prebentzio eta laguntza neurri oso eta eragingarriak hartu eta eman behar baitituzte: egoera lazgarri hau amaiaraziko duten bitartekoak, Euskal Herri osoan eta euskal emakume guztientzat. Norbere burua zuritu eta egoera isiltzeko legeez eta sasiprebentzioaz harago, premiazkoa dugu bide eragingarri eta osoak irekitzea, egiturazko arazoari aurre egiteko, eta, bide horretan, Udalbiltzak konpromisoa berretsi du 2002tik, Eskubideen Kartatik, euskal herritarron eskubideen urratzeei buruzko txostena eta eskubideok babesteko urratsak eginez eta aurrerantzean ere udalez udal lan eginez. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eragile aktibo izateko konpromisoa hartu du Udalbiltzak. Azkenik, Udalbiltzak dei egin nahi dio euskal gizarteari halako gertaerak izaten direnean emakume mugimenduak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzeko, eta Udalbiltzako ordezkaritza aipatu mobilizazioetan egongo dela jakinarazi nahi du. Era berean, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu Baionako eta Gasteizko bi emakumezkoen hurkoari. |