banner

Udalbiltzaren irakurketa ETA erakundeak su-eten iraunkorra amaitutzat ematearen karietara (2007-06-07)

[ categories: Udalbiltza ]

Udalbiltzak une honen garrantzia eta larritasuna onartzen du. Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarraren irudiko, arduraz jokatzeko unea da. Alferrikakoa da saio honen porrotaren arduraduna bilatzea. Lehentasuna ez du horrek izan behar, gatazka behin betiko konponduko duen prozesu demokratikoaren gakoak zein diren jakitea eta haiek gauzatzea baizik.

Unean-uneko irakurketa laburren gainetik, jakin badakigu aukera bakarra oinarri sendoak izan behar dituen prozesu demokratikoa dela, Euskal Herri osoan herritar ororen eskubide guztiak aitortu eta bermatuko dituen esparru demokratikoa ahalbidetuko duena, hain zuzen ere.

Aldebakarreko su-etena bakearen sinonimo ez den neurri berean, su-etenaren bukaera ezin da hartu izan ez den bakearen amaieratzat. Bagenekien bidea ez zela erraza izango, gatazkaren sustraiak sakonak baitira. Gatazka ez zen ETA sortzearen ondorioz piztu, eta, gatazkaren zioak demokratikoki konpontzen ez badira, ETAren balizko amaierak ez luke gatazkaren bukaera ekarriko. Nazioarteko gatazka politiko historiko hau behin betiko gainditzeko baldintzak sortzeko gero eta gutxiago falta dela iruditu arren, ez dugu jakin aukerak baliatzen. Hala ere, egindakoa etorkizuneko prozesu demokratiko baterako inbertsiotzat hartu behar dugu, azken urteetan gatazkaren zioak definitu izana, konponbide demokratikorako prozedurak zirriborratzea eta herritarrei hitza emateko konpromisoa hartzea konponbide demokratiko baten ezinbesteko oinarriak baitira.

Muina ez da ideologia ezberdinen arteko lehia, herriaren eta herritarren eskubideen aitortza baizik. Gaur egun, Europar Batasuneko kide diren bi estaturen eta estaturik gabe izatera zigorturik dagoen nazio baten arteko mendeetako gatazkak bere horretan jarraitzen du, su-etena izan edo izan ez. Izan ere, herri hau bere osotasunean eta herri hau osatzen duten herritarrak eskubideen jabe ez izatea da gatazkaren gakoa. Hori dela-eta, ziur gaude antzeko gatazkak gainditzeko balio izan duten konponbideak Euskal Herrian ere aplikatu behar direla eta indarrean dagoen esparru juridiko politikoak ezin duela izan ezin gaindituzko mugarik. Azken batean, ez dago gatazka behin betiko gainditutzat ematerik Euskal Herri osoan euskal herritar ororen eskubide guztiak aitortu eta haiek gauzatzeko aukera bermatzen ez den bitartean.

Etsipenerako eta ezkortasunerako baino gehiago, Euskal Herria suspertu eta konpromisoak hartzeko unea da, gure ustez. Ez dugu begirale huts izan nahi. Konponbide demokratikoaren aldeko eragile aktibo izan nahi dugu eta, horregatik, Udalbiltzaren sorrerako adierazpen politikoko bost printzipioak berretsiz, euskal herritarren eskubideen alde hasitako bidea azken muturreraino burutzeko prestasuna adierazi nahi dugu une zail honetan. Egoera ilun honetatik ateratzeko saiakerak kolektiboa izan behar duenez, baina, gure konpromisoa adierazteaz gain, hainbat dei egin nahi ditugu:
1. Euskal herritarrei, konponbide demokratikoa bultzatzeko, munduko beste nazio batzuetako herritarrei aitortu dizkieten eskubideak aldarrikatzeko.
2. Euskal Herriko eragile politikoei, sozialei eta sindikalei, bidegurutze honetan duten arduraz jabetzeko eta, alderdikeriak baztertuz, herri gisa eta Euskal Herri osoari begira aritzeko, prozesuak behar dituen eragileen arteko konfiantza eta oinarri demokratikoak lehenbailehen lor ditzaten.
Euskal Herrian, 2007ko ekainaren 7an
UDALBILTZAko PRENTSA BULEGOA