Udalbiltzaren oharra Irungo Alardea dela eta (2007-06-28)[ categories: Udalbiltza ]
Urtero bezala, Euskal Herriko herrietako jaiak heldu zaizkigu udarekin batera. Gaur egun, oraindik ere ez dago bermatuta denok parte hartzeko eskubidea. Horren frogarik adierazgarrienetako bat hilabete honetako azken egunean, Irunen egingo duten Alardea da, herriko emakumeak tradizioaren izenean baztertzen dituen festa. Udalak hartu duen erabakiak, hau da, bi alarde izateak ez du konpontzen emakumeek herriko jaietan berdintasunean parte hartzeko ezintasuna eta, jakina, ez du bermatzen Irungo herritar orok hilaren 30ean festan parte hartzeko duen eskubidea. Izan ere, Udalak jaietako ekitaldi nagusi bati, alarde tradizionalari eusten badio, Irungo festak ez dira izango herritar guztien festak, alarde tradizionalak emakumeen parte hartzea debekatzen duelako. Ildo horretan, Irungo Alardea ez al da diskriminatzailea, bi ekimen behar badira emakumeen presentzia ziurtatzeko, eta horietako batek (alarde tradizionalak) biztanleriaren parte bat (emakumeak) baztertzen badu? Berdintasuna lantzea eta ziurtatzea ez da emakumeei gune batzuk bideratzea, itxurak egiteko; aitzitik, berdintasuna da diskriminatzaileak diren ekimen guztiak bukaraztea. Alde horretatik, Irungo Alardea erakundeek bere burua zuritzeko aldarrikatzen dituzten legeek eta abarrek arazoa inolaz ere konpondu ez duten adierazgarri dugu. Zertarako berdintasunerako eskubidea, zertarako Berdintasun Legea, ezin badugu berdintasunean bizi, ezin badugu jaietan nahi dugun moduan parte hartu, eskopetaz baldin bada ere? Berdintasunerako eskubidea idatzi egin behar da, baina baita egokitu ere. Ez badira benetako bitartekoak eta baliabideak jartzen emakumeon aurkako diskriminazioa bukarazteko, ostiral honetan Irunen gertatuko dena gertatuko da: berdintasunerako eskubidea urratzea. Horregatik guztiagatik, Udalbiltzak alarde bakar, publiko eta berdintasunezkoaren alde izango diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin nahi du, eta Udalbiltzako ordezkaritza haietan izango dela jakinarazi nahi du. Berdintasuna lortzea guztion ardura delako, jaietan parte hartzea guztion eskubidea delako, berdintasunerako eskubidearen urratzeak salatzea guztion erantzukizuna delako, Udalbiltzak konpromisoa berretsi nahi du egunez egun eskubideen urratzeei buruzko txostenaren bidez eta eskubideak zainduz egiten duen lanarekin. |