banner

Euskara Lau Haizetara programak diasporako hainbat lekutara helarazi du Euskal Herria (2007-07-17)

[ categories: Udalbiltza ]

Udalbiltzak ekimen berri bati ekin dio uda honetan diasporan, Euskal Herriaren eta zortzigarren herrialdearen arteko harremana estutzearren. Heziketa proiektu osoa da, eta, hari esker, hirugarren urtez jarraian, Argentinako, Uruguaiko eta baita Kubako hirietara ere Euskal Herriko euskara irakasleak joango dira.

Ekimenak Euskara Lau Haizetara izena du, eta euskararen irakaskuntzan oinarritzen da funtsean. Hala ere, oinarri hori abiapuntu hartuta, Euskal Herriko egoera osokiago ezagutarazi nahi dugu, eta, horregatik, bestelako ikastaroak ere antolatuko ditugu, hala nola, dantza, bertsolaritza, euskal mitologia, euskal sukaldaritza... ikastaroak, eta baita Euskal Herriko egoera politikoari buruzko hitzaldiak ere.

Proiektu hau Argentinako 2003ko udan sortu zen, Santa Rosan (La Pampan) sustatu genuen barnetegiaren bidez hain zuzen, eta ikasleek oso harrera ona egin zioten. Bi urte geroago, Argentinako 2005eko neguan, Euskal Herritik etorritako euskara irakasleak beste hiri batzuetara joan ziren, besteak beste, Rosariora eta Bolívarrera, eta beste ikastaro batzuk eman zituzten han.

Joan den urtean, 2006an, hainbat euskal etxek interesa adierazi zutela-eta, Argentinako bost hiritan antolatu genituen ikastaroak: Trenque Lauquenen, Bolívarren, Rosarion, Tres Arroyosen eta Buenos Airesen; zehazki, Buenos Airesen bertako irakasleentzako glotodidaktika barnetegia antolatu genuen. Nabarmentzekoa da esperientzia oso aberasgarria gertatu zela guztietan, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat.

Aurten, Udalbiltzak proiektua berriro jarri du martxan. Lehenengo aldiz, Argentinatik atera eta beste herrialde batzuetara zabaldu du, hala nola, Uruguaira eta Kubara. Hartara, honako hiri hauek hartuko dute parte programan uda honetan (Hegoamerikan, neguan): Posadasek (Misiones), Bolívarrek (Buenos Aires), Rosariok (Santa Fe), Villa Mercedesek (San Luis), Montevideok (Uruguai) eta Habanak (Kuba).

Guztietan, proiektua hiriotako euskal herritarrek adierazi duten interesari esker izan da posible. Gaur egun, irakasleak Montevideon, Habanan, Villa Mercedesen eta Rosarion daude jada, eskolak ematen, eta gainerako hirietan abuztuan eta irailean ekingo diote. Euskara Lau Haizeetara programaren esparruko lehenengo hitzaldia Villa Mercedesen izan zen, eta hango institutu bateko 80 ikaslek baino gehiagok bertatik bertara jakin zuten euskararen jatorriaren berri, eta baita hizkuntzaren egungo egoerarena ere.