banner

HONDARRIBIKO ALARDEA, EMAKUMEZKOEN BERDINTASUN ESKUBIDEAREN URRAKETAREN ADIBIDE BAT GEHIAGO (2007-09-05)

[ categories: Udalbiltza ]

HONDARRIBIKO ALARDEA, EMAKUMEZKOEN  BERDINTASUN ESKUBIDEAREN URRAKETAREN ADIBIDE BAT GEHIAGO (2007-09-05)
Emakumezkoen aukera berdintasunaren eskubidea oinarrizko eskubideetariko bat dugu. Aukera berdintasuna eta emakumezkoak ez diskriminatzea, gure herri honen etorkizunerako funtsezko printzipioak dira. Arlo guztietan, herritar guztientzako aukera berdintasuna bermatzea ezinbestekoa da, mende askotako bazterketak gure jendartean eragin dituen kultur eta jendarte-zauri larriak sendatu ahal izateko.

Modu honetan ezinbestekoa da, euskal herritarron eta emakumezkoon oinarrizko eskubideak bermatu nahi baditugu, Euskal Herri zabaleko jaietan bazterketa gainditu eta emakumezkoen parte hartze eta aukera berdintasuna bermatzea. Baita ere Hondarribiko jai eta Alardean ere.

Udalak hartu duen erabakiak, hau da, bi alarde izateak ez du konpontzen emakumeek herriko jaietan berdintasunean parte hartzeko ezintasuna eta, jakina, ez du bermatzen Hondarribiko herritar orok hilaren 8an festan parte hartzeko duen eskubidea. Izan ere, Udalak jaietako ekitaldi nagusi bati, alarde tradizionalari eusten badio, Hondarribiko festak ez dira izango herritar guztien festak, alarde tradizionalak emakumeen parte hartzea debekatzen duelako.

Berdintasuna lantzea eta ziurtatzea ez da emakumeei gune batzuk bideratzea, itxurak egiteko; aitzitik, berdintasuna da diskriminatzaileak diren ekimen guztiak bukaraztea. Alde horretatik, Hondarribiko Alardea erakundeek bere burua zuritzeko aldarrikatzen dituzten legeek eta abarrek arazoa inolaz ere konpondu ez duten adierazgarri dugu. Zertarako berdintasunerako eskubidea, zertarako Berdintasun Legea, ezin badugu berdintasunean bizi, ezin badugu jaietan nahi dugun moduan parte hartu, sakoneko arazoari eusten ez badio.

Berdintasunerako eskubidea idatzi egin behar da, baina baita egokitu ere. Ez badira benetako bitartekoak eta baliabideak jartzen emakumeon aurkako diskriminazioa bukarazteko, larunbat honetan Hondarribian gertatuko dena gertatuko da: berdintasunerako eskubidea urratzea.

Horregatik guztiagatik, Udalbiltzak alarde bakar, publiko eta berdintasunezkoaren alde izango diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin nahi du, eta Udalbiltzako ordezkaritza haietan izango dela jakinarazi nahi du. Berdintasuna lortzea guztion ardura delako, jaietan parte hartzea guztion eskubidea delako, berdintasunerako eskubidearen urratzeak salatzea guztion erantzukizuna delako, Udalbiltzak konpromisoa berretsi nahi du egunez egun egiten duen lanarekin.